Urriaren 26tik 30erako astean hasiko dituztela lan horiek jakinarazi dute Udal ordezkariek. Eta ezustekorik sortu ezean behintzat, hiru hilabetetan bukatuta izango dituzte, otsailerako hain zuzen ere.
Bizikletendako gunea
Berrituko duten zatiak 160 metro ditu; Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunearen ostean hasi eta Basabe kaleko bidegurutzeraino doa, biribilguneraino, doa.
"Bidegorria egon badago, baina egoera eskasean; horregatik berria egingo da", diote Udaleko Hirigintza Saileko kideek. Eta zati berri horretan zehaztuko dute bizikletendako bakarrik izango den gunea: "Gorriz margotutako aglomeratuarekin". Oinezkoendako gunea ere konponduko dute: "Hormigoizko baldosarekin jarriko da zorua, eta zuhaitzek mugatuko dute". Pasealekuaren diseinuan aldaketarik ez egiteko eta zuhaitzak mantentzeko automobilen aparkalekuen eta errepidearen zabalera egokituko dituzte. Horregatik, Geltoki plazan (erresidentzia izendapena duen bidean) dauden aparkalekuko autoak zeharka edo baterian egotetik errenkan egotera pasatuko dira.
Ur hodiak eta argiteria
Lurzoru gaineko lanak bakarrik ez, azpikoak ere egingo dituzte. Euri urak jasotzeko hodiak aldatuko dituzte, baita edateko urarenak ere, eta argiteria sistema berrituko dute, energia elektrikoaren kable-sarea guztiarekin batera. Orain dauden seinaleak, bai horizontalak, bai bertikalak ere aldatu egingo dituzte.