Dagoeneko WOP espedizioaren zazpigarren proiektua da hau, eta argi dute eginbeharrekoa: askorendako ezezaguna den mendi hori ipar aurpegitik eskalatzea.
Paraje ezezagunetan barrena
Esperientzia handiko mendizale hauendako ia dena izan da berria paraje berri horretan, eta astebete behar izan dute oinarrizko kanpalekura iristeko. Ezohikoa bada ere, harkaitzean beharrean belar gainean finkatu dute kanpaleku hori: "Katmandutik hona ezagutzen ez genuen bide batetik etorri gara. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, euri asko egin zuelako eta behe-lainoaren eraginez itsu-itsuan etorri garelako", azaldu du Aretxabaletakoak.
Hainbat egunetako trekking-aren ostean 4.600 metroko mendilepoa gainditu behar izan dute, eta 5.400 metroko beste tontor bat. Garaierara egokitzen joateko baliatu dituzte saio horiek: Ondo gainditu ditugu, baina hasiera zakarra izan dugu". Hala, bidearen erdi ingurutik aurrera inguru menditsuagoaz egin dute topo: "Azken egunean ere behe-laino oso itxia izan dugu, ezer ez genuen ikusten, baina egunak aurrera egin ahala zerua ireki egin da, eta harrituta geratu gara bertako paisaiaz, ikusgarria da". Egun hauek mendia zelan eskalatu aztertzeko baliatuko dituzte.