Jaietako azken ekitaldia izango da eta rantxerak, korridoak eta guapangoak izango ditu protagonista. Aretxabaletako abesbatzak buru-belarri dihardu San Migel jaietako emanaldi berezia prestatzen. Domekan, hilak 27, egingo dute, 19:00etan. Asmoa da Herriko Plazan egitea, eta, eguraldi txarra bada, Iturrigorri frontoian. "Festa mexikarra prestatu dugu aurten", azaldu du azken 34 urteotan abesbatzako zuzendari lanetan diharduen Angel Barandiaranek. "Hamalau bat kantu eskainiko ditugu, guztiak oso ezagunak: Las mañanitas, El preso nº 9, Cielito lindo, Adelita, La cucaracha...". Abesbatzako 40 bat kidek egingo dute kantuan, eta, emanaldia borobiltzeko, lagun izango dituzte musikari talde bat —pianoa, akordeoia eta perkusioa— eta Aretxabaletako 18-20 bat dantzari Nuria Fernandez de Arroiaberen gidaritzapean. "Agertokiak kutsu mexikarra hartuko du. Dantzariek jantzi bereziak prestatu dituzte, eta abesbatzakook ere prestatuko dugu zerbait", adierazi du Barandiaranek.
Aretxabaletako abesbatza Aste Santuko oporren ostean hasi zen San Migel jaietako emanaldia prestatzen. Kantuak aukeratu, moldaketak egin, abeslariak eta bakarlariak prestatu, musikariekin eta dantzariekin eszenaratzea adostu... lan handia da emanaldi bakarrekoa den kontzertua prestatzea, baina oso berezia da abesbatzako kide guztiendako: "Errepertorioa zabaltzen digu emanaldi honek", azaltzen du Barandiaranek. "Beste erregistro bateko kantuak landu ohi ditugu, eta sanmigeletako emanaldia ezberdina da guretzako alde horretatik ere".
Esker oneko lana
Ikusleen gustuko emanaldia izango delakoan daude abesbatzan. "Uste dut, urteen poderioz, sanmigeletako kontzertuak bere lekutxoa egin duela agendan. Izan ere, herritarrek gustura hartzen dute, eta konturatzen dira abesbatzak ahalegin berezia egiten duela emanaldi honetarako. Nik uste dut lan polita ari garela egiten, eta herrian baloratzen dela ahalegin hori", esan du Barandiaranek.
Azken entseguetan dihardu Aretxabaletako abesbatzak; dantzariekin eta musikariekin batera entsegu orokorrak egiten. Bakarlari lanetan ariko dira Mari Carmen Etxandia, Mariatxen Urkia, Lurdes Urkia, Javier Lizarazu eta Imanol Aizpurua. Mexikora bidaiatuko dugu aurten, Aretxabaletako abesbatzaren eskutik. Ez da erronka makala! Gonbidapena eginda dago.