Nerea Egurzak eta Jone Ojeak ipuinak kontatuko dizkiete zazpi urtetik gorakoei eguaztenean. "Joan den udaberrian ipuinak kontatzen ikasteko hainbat saio antolatu zituen Udalak. Eta orain, han parte hartu zutenek, ipuin kontalari jardungo dute", jakinarazi du Gazteria teknikaria den Maider Etxanizek.
Yolanda Arrietarekin saioa
Urriaren 3an, zapatua, helduendako saioa egingo dute Yolanda Arrieta idazlearekin. Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen Bularretik Mintzora egitasmo barruko saioa da, eta Ibilbide bat liburutegian barrena izenarekin erakutsiko dute umeendako liburuak non dauden, zein irizpide erabili liburu bat aukeratzerakoan eta beste hainbat kontu. 10:00tatik 13:00etara da saioa, liburutegian, eta izena emateko azken eguna gaur da, irailak 25; hona bideak: haurliburutegia@aretxabaleta.eus eta 943 08 10 01. Gurasoak ez ezik, interesa duen edozein gertura daitekeela jakinarazi dute antolatzaileek.
Marrazki lehiaketa
Urriaren 10ean Vanessa Gonzalez ipuin kontalari arrasatearrak jardungo du kontu-kontari; azaroaren 14an, Eñaut Gorbeak; eta abenduaren 12an Pantzat Teatro taldeak Amilami ikuskizuna eskainiko du.
Urriaren 23tik azaroaren 27ra bitartean, ostera, irakur punturako marrazki lehiaketa deituko dute 12 eta 16 urte bitartekoendako.