Denboraldiko lehen garaipena lortzen saiatuko da UDA domekan

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 18a, 09:00

Hirugarren mailan debuta egin zuenetik, ligako bostgarren partidua jokatu zuen eguaztenean UDA Aretxabaletak Ibarrako futbol zelaian. Bertan, denboraldiko laugarren berdinketa erdietsi zuen taldeak. Aretxabaletarrek 2-2 egin zuten Zallaren aurka. Puntu banaketa izan zen talde bien artean, beraz.

Lehen zatian talde bien partetik aukera ugari egon baziren ere, inork ez zuen baloia sareratzea lortu. UDAko Piruk lesioa izan zuen eta entrenatzaileak aulkira atera behar izan zuen.

Bigarren zatian iritsi ziren golak. Bizkaitarrak aurreratu ziren markagailuan, baina Jokin Vadillok bat eta batekoa egin zuen etxekoentzat.

Geroago, 72. minutuan, bigarren gola lortu zuten kanpokoek, baina ondoren, Josu Arizmendiarrietak egin zuen azken gola azkeneko unean, jokalarien zein zaleen gozamenerako 2-2ko berdinketa lortuta. Hain zuzen ere, 89. minutuan bidali zuen baloia aurkariaren sarera. Partidua galduta zegoela uste zutenean puntu bat lortu ahal izanagatik pozik bukatu zuten guztiek.

Bigarren zati honetan, baina, partiduko bigarren lesioa iritsi zen etxekoentzat, Beñat Etxabek min hartu baitzuen.
Gorka Valle entrenatzaileak azaldu duenez, "ikusleentzat partidu polita" izan zen, eta talde biak ongi aritu ziren defentsan zein aurrean arriskua sortuz.

Domekan, Gasteizera

Domeka honetan, irailak 20, izango du Hirugarren Mailako UDAk hurrengo partidua, ligako seigarren jardunaldiari dagokiona, hain zuzen.

Gasteizera bidaiatuko du, horretarako, taldeak; izan ere, Vitoria KEren aurka arituko dira, haien zelaian, Betoño auzoko instalazioetan.

Lehen garaipena erdietsi nahi dute han aretxabaletarrek. Bost partidutatik batean izan ezik, beste guztietan puntuak lortu dituzte, baina, garaipen gosez daude. Hala ere, Gorka Valleren esanetan, konfiantzaz dago taldea: "orain arteko partidu guztiak konpetituak izan dira" dio. Gaineratu du Gasteizen galdutako partidua ere parekatua izan zela.

Arabarrek ez dizkiete gauzak erraz jarriko, baina; izan ere, eguazteneko azken jardunaldian 1-4 irabazi zuten Aurrera Ondarroaren aurka.

Gorka Valleren mutilak sailkapeneko hemezortzigarren postuan daude gaur-gaurkoz.
Vitoria KE, berriz, taulako hamahirugarren postuan dago, bi norgehiagoka irabazita eta hiru galduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak