Ondo gertatu gura dute denboraldia; hala, lau entrenamendu saio egingo dituzte astelehenetik egubakoitzera bitartean eta partiduak jokatu aste bukaeratan. Abuztuaren 8an Anaitasunaren aurka jokatuko dute etxean eta 12an, Elgorriagaren aurka. Abuztuaren 15erako Getariako Ketarekin daukate berba eginda eta uztailaren 31n ere izango da partidua Ibarra futbol zelaian, beste talderik aurkitu ezean etxekoen artean.
Hiru fitxaketa oraingoz
Hirugarren Mailako taldearen oinarria iazkoa da, baina hori indartu egin dute hiru fitxaketekin. Antzuolatik etorri dira Markel Lete eta Jokin Gorostola eta Bergaratik Markel Ilzarbe. Horiez gain, beste jokalariren bat ere irits daiteke baina oraindik ez dute lotu.
Taldea utzi dutenen artean daude Oxel Apraiz, Raul eta Imanol Rodriguez; eta Gillen Mar zalantzan dago, haren egoera pertsonala dela-eta. Iaz agurtutako jokalari garrantzitsu bat, ostera, beste urtebetez ikusiko dute zaleek taldea gidatzen, Haritz Igartua hain zuzen ere.
Taldearen ardura Gorka Vallek jarraituko du izaten eta hari lagun egingo dio Jose Javier Barkerok.
Lehen partidua abuztuaren 23an
Lehen partidua abuztuaren 23an jokatuko dute, etxean, Berioren aurka. Ez da aurkari samurra izango Donostiako taldea. Hala ere, ondo hastea espero dute eta denboraldiari begira helburua da taldea Hirugarren Mailan "egonkortzea".