UDAk hirugarren mailan jokatuko duela-eta inguruan ilusio handia sumatzen du UDAko presidente Adrian Merinok, baina datorren denboraldirako aurrekontua erakusterakoan garbi geratu zen ez dutela bururik galduko: "Aurrekontu estua aurkeztu dugu, baina bistan da igoera bat egongo dela, kategoria horretan gastuak handitu egiten direlako". Hala, igoera horri aurre egiteko proposatu zuten, batetik, bi partidutan klubaren egun izendatzea, eta bestetik, bazkideei %10eko igoera: "Guri ere ez zaigu gustatzen halako neurriak hartzea, baina konturatu gara ez dagoela beste modurik. Batzarrean jendeak ondo onartu ditu proposamenak, eta pozik gaude".
Horrekin batera, zuzendaritzak ez zuen izan arazorik bazkideek 2014/2015 denboraldiak utzitako datu ekonomikoak onartzeko –1.496 euroko galerak–, "Zorionez elkarteak tesoreria aldetik ez du arazorik, iaz, esaterako, positiboki amaitu genuelako, eta galera horiek estaliko ditugu". Eta datu ekonomikoak onartuta datozen bost urteotarako duten kirol proiektua aurkeztu zuten, eta elkartearen antolaketa eredu berriaz ere jardun zuten.
Gipuzkoako federazioko ordezkariak
Batzarrean egon ziren Gipuzkoako futbol federazioko hainbat ordezkari, tartean Juan Luis Larrea presidentea, eta hitza hartu zuen azaltzeko zelako gorabeherak izan zituzten Gipuzkoak hirugarren mailan ordezkaritza zabalagoa izan zezan, baina Bizkaiko federazioak, eta bertako futbol taldeek duten erabakitze gaitasuna nabarmendu zuen.
Eta amaitzeko, urteko kirol sariak ere banatu zituzten. Bertyan, talde ezberdinetan euren ekarpena era batean edo bestean egin duten jokalariek UDAko zuzendaritzaren eta batzar orokorraren aitortza jaso zuten. Baina momentu gogoangarriena UDAko bazkide Poloni Garcia Etxaberen omenalditxoaz etorri zen, 55 urtez egon delako aretxabaletar hori herriko futbol taldea harmailatik animatzen.