Pausoka haur eskolako kideek egindako eskaera ontzat hartu du Udalak. "Umeen garapenean ezinbestekoa da esperimentatzea. Horretarako gune bat gura genuen eta lorategian hesi bat jartzeko eskatu genion, txakur-kakaz beteta egoten delako", diote, eta gaineratu dute: "Hortik abiatuta lorategiari itxura guztiz berria ematea erabaki du Udalak eta guk pozik hartu dugu".
Zoru gogorra eta ingurune berdea uztartuko dituzte, eta naturako elementuak erabilita hainbat gune egokitu han: "Harea-gunea egongo da enbor zatiekin inguratuta; egur abarrekin egindako ezkutalekua; zubitxoa eta gordelekua ere bai. Gainera, sokak egongo dira helduta egiteko ibilbide osoa", azaldu dute Pausokako hezitzaileek.
Lorategi osoa egongo da itxita hesiarekin, txakurrak pasa ez daitezen. "Hesiak, baina, ez du garaiera handirik izango. Ez dugu nahi hori traba izaterik, umeek gainerako herritarrekin harremana izan behar dutelako". Horregatik, inguruan jarlekuak egongo dira lorategira begira.
Haur eskolako umeek lehentasuna izango dute lorategi hori erabiltzeko orduan, baina haiek ez daudenean edonork erabili ahal izango du.
Basabeazpin hesia
Herriko gainerako ikastetxeetako jolaslekuetan ere lantxoak egingo ditu Udalak. Kurtzebarri eskolakoari dagoeneko jarri diote hesia, eta laster bukatuta izango dira lan guztiak.
Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunean ere hesia jarriko dute ikastetxearen aurrealdeko espazioan, umeak arriskurik gabe jolas daitezen. Lanok uztailarekin batera bukatuta izango direlakoan daude udal arduradunak.