Animaliekin bete zen atzo plaza, kartoi eta paperezko animaliekin. Markeliñe talde bizkaitarrak Zoozoom antzezlana eskaini zuen eta neska-mutikoek aho zabalik jarraitu zituzten animalion joan-etorriak. Laguntzaile lanetan ere jardun zuten askok. Eta gurasoak inguruan gustura haiei begira.
Jaurlaritzari esker uztaila kale antzerkiaren hilabetea izaten da, baita aurten ere. Herriko hainbat gunetan estilo guztiz ezberdinetako lanak eskaintzen dituzte eguaztenetan. Joan den astean eman zioten hasiera egitarauari eta udal ordezkariak pozik daude herritarrek egindako harrerarekin.
Hilaren 15ean Trapu Zaharra
Datorren astean, uztailak 15, aretxabaletarrek ondo baino hobeto ezagutzen duten Trapu Zaharra taldea etorriko da Durana kalera. Ongi etorri Amaieramundi lana eskainiko du. Eta uztailaren 22an Zirika Zirkus konpainia Txarlestrup lanarekin etorriko da Santa Kurtz kaleko plazatxora.
Herritarrak pozik daude antzerki eskaintzarekin, baina horrekin batera beste kultura ekitaldi batzuk ere gurako lituzkete, herritik sortutakoak, esaterako.