Bukatu berri den 2014-2015 denboraldiari gainbegiratua eginez hasiko dute batzarra. Ondoren, zuzendaritza batzorde berria izendatuko dute; bi lagun bakarrik aldatuko dira, gainerakoek jarraitu egingo dute. Zuzendaritza horrek aurkeztuko du 2015-2016 denboraldia. "UDA, herri sentimendua. 2015-2020 plana burutzen jardun dugu azken asteetan eta bazkideei aurkeztuko diegu batzarrean. UDA zer den eta zer izatea nahi dugun ipini dugu mahai gainean", argitu du Adrian Merino presidenteak eta gaineratu du: "Egungo egoeraren analisitik ondorio asko atera ditugu eta aspektu negatiboak zuzentzen saiatuko gara datozen urteetan. Horretarako, beste neurri batzuen artean, batzordearen funtzionamendua aldatuko dugu, ahal dugun neurrian aspektu negatibo horiek zuzentzeko giza baliabideak jarriz". Diru kontuak ere aurkeztuko dituzte eta galderak egiteko tartea izango dute bazkideek bukaeran.
Kirolari onenei sariak
Bestetik, urtero legez UDAko sail eta guztietako ohorezko jokalariei sariak emango dizkiete. Iaz ohorezko bazkidea ere saritu zuten lehenengoz, Hector Prieto hain zuzen; eta aurten jarraipena izango du bazkideei egiten zaien aitortzak.