Ohiko materialak erabilita zooko animaliak sortuko dituzte: jirafak, dinosauroak, elefanteak, flamenkoak, arrainak…
Ondoren etorriko da Trapu Zaharra, hilaren 15ean, eta eskainiko du Ongi etorri Amaieramundi lana. Amaia eta haren amona etorriko dira Durana kalera gizakia salbatuko duen estralurtarrak hara iritsiko direlakoan. Eta kale-antzerkiaren egitaraua itxiko du Zirika Zirkus taldeak Txarlestrup lanarekin; hilaren 22an, Santa Kurtz kaleko plazatxoan da.
Arkupen ere izango du lekutxoa antzerkiak. Hala, datorren eguenean, hilak 9, Aquí va a pasar algo lana eskainiko du Zanguango taldeak, 19:00etan (sarrera, lau euro). Ikuskizun komikoa eta poetikoa dela diote taldeko kideek: "Hunkitu egingo zaitu, barre algarak sortu eta identifikatuta sentituko zara".
Eta hilaren 12an, domeka, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunak izango dituzte neska-mutikoek, 17:00etan, Arkupeko Zaraia aretoan (sarrera, hiru euro).
Proiekzioa eta zinema
Martitzenean, hilaren 7an, ostera, Ur azpian dokumentala emango dute Arkupen, 19:00etan. MUko ikasle diren Jon Campo eta Ibai Iregi aretxabaletarrek egindako dokumentala da. Hain zuzen 2015eko Huhezinema lehiaketan dokumental onenaren saria eta ikusleen saria jaso zituen, MUko ikasleendako dagoen atalean. Uztailaren 14an eta 21ean ere botako dute dokumentala, zinemako filma eman aurretik.
Eta udako zinemari dagokionez azken hilabeteotan estreinatu eta arrakasta handia izan duten bi film izango dira. Tomorrowland (Estatu Batuak, 2015, 129 min.) batetik, uztailaren 14an (19:00) eta 16an (19:00); eta Jurassic world (Estatu Batuak, 2015, 124 min.) bestetik, hilaren 21ean (19:00) eta 23an (19:00 eta 21:30).
Auto telegidatuak
Bestalde, uztailaren 12an, domeka auto telegidatuen erakustaldia egingo dute Herriko Plazan. 11:30ean eta 18:00etan izango dira auto txikien erakustaldiak.