UDAk karanbola baten beharra zuen datorren denboraldian Hirugarren Mailan jokatzeko, eta karanbola hori bikain irten da gaur arratsaldean jokatu diren partiduetan.
Arenas de Getxok 4-2 irabazi dio Logroñesi (joaneko partidua 0-1 irabazi zuten bizkaitarrek); Gernikak, bestalde, 1-1 berdindu du Osasuna Brekin (joanekoan, 0-1 gailendu ziren gernikarrak).
Gauzak horrela, EAEko bi taldeek lortu dute Hirugarren Mailatik 2. B mailara igotzea. Hirugarren Mailarako igoera fasean aretxabaletarrak bigarren geratu zirenez, eurentzat izango da mailaz igotzeko txarteletako bat.
Ospakizunak, bihar, 19:00etan
"Oso pozik gaude", adierazi du UDAko presidente Adrian Merinok, eta gaineratu: "Garagardo batzuk hartuaz ospatuko dugu gaur". Ekitaldi potoloa, baina, bihar izango da, hiruko saskibaloi txapelketaren ostean. Hala, 19:00etan ongietorria egingo zaie UDAkoei Herriko Plazan, eta AZ Gaubela taldekoek jarriko diote musika jaiari.