318 gaztetxok jardungo dute Aretxabaletako udaleku irekietan

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 26a, 08:00

Neska-mutikoak plazan eserita iazko udaleku irekietan.

Uztailarekin batera udaleku irekiak datoz Aretxabaletara eta hilaren 1etik 22ra bitartean 4 eta 12 urte arteko neska-mutikoek izango dute zerekin ondo pasatu; ordutegia izango da 10:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 17:00etara. Aurten 318 gaztetxo elkartuko dira.

Nobedadeak izango dira nagusi aurtengoan. Izan ere, udaleku irekiek eta kirol udalekuek bat egingo dute eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara artekoak astean hiru goizetan Ibarra kiroldegira joango dira. "Ekintza batzuk kiroldegian egingo dituzte eta beste gutxi batzuk kirol zelaian", jakinarazi du Maider Etxanizek, Gazteria Zerbitzuko teknikariak. Eta egingo dituzten kirol ekintzak zeintzuk izango diren jakinarazi du: xunba, errugbia, hockeya, igerian, eskalada eta multikirola. "Horren asmoa da beste kirol batzuk probatu eta ezagutzera ematea gaztetxoei". Eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoek, 6 eta 8 urte artekoek, igerilekura joateko aukera izango dute.

Gaztetxoen iritziak jaso

Bestetik, urtero arrakasta duten ekintzei eutsiko diete aurten ere, horien artean daude San Fermin eguna eta mendira irteerak. "Egitarau horri esker kalea, natura eta kirola bateratuko dituzte neska-mutikoek", argitu du Gazteria teknikariak, eta gaineratu du: "Horiez gain sukaldaritza kontuak ere landuko dituzte hainbat gaztetxok".

Eta beste berrikuntza bat ere iragarri du Etxanizek: "Azken astean zer egin erabakiko dute haurrekin. Asanbladak egingo dituzte horiekin euren iritziak eta nahiak jasotzeko. Eta posible den neurrian horiek aurrera eramango dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak