Herriko Plazan jokatuko dituzte partidu guztiak; hasi bihar gaztetxoenak, 12 urtera artekoak, eta domekan elite mailakoek bukatzeko. "Zapatu arratsaldean herriko seniorrek jardungo dute nor baino nor gehiago eta domekan, elite mailako kirolariek. Inguruko herrietatik ere etorriko dira", argitu du Alarciak.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik daukate. "Gaztetxoenek 5 euro ordainduko dute eta gainerakoek, 10 euro. Kamiseta jasoko dute opari horiek", dio Alarciak. Eta gainerakoek ere izango dute kamisetak erosteko aukera. "Txakurrekin erakustaldi bat egitera etorriko da gainera, Markel", jakinarazi du Gorka Alarciak, antolatzaileak.
Jaialdia girotzeko gainera, hainbat ekitaldi izango dira plazan: AZ Gaubelak herriko taldearen emanaldia egubakoitzean; McRea Clarke Urretxun bizi den Irlandako komikoaren ikuskizuna zapatuan; eta umeendako puzgarriak eta buruhandiak, domeka goizean. "Herri afaria ere antolatu dugu, hortaz, giro bikaina sortuko da, seguru".
Herritarrei animatzeko deia
Orain dela bi urte antolatu zuten lehenengoz halako jaialdia herrian: "Orduan esklerosi anizkoitza duen saskibaloi-jokalari bati laguntzeko egin genuen eta herritarrek bikain erantzun zuten", dio antolatzaileak, eta gaineratu du: "Oraingoan ere animatzeko esango nieke umeei zein helduei, saskibaloian ibilitakoa izan edo ez, bikain pasatuko dutelako guztiek".