"Lehenbailehen jarri gura dugu abian hondakinen gaineko galdeketa"

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 19a, 10:30

Bihar beteko du astea alkate karguan Unai Elkorok eta lehenengo aste horretako gorabeheren gainean jardun du.

Noiz joan zara lehenengoz udaletxera alkate zarela eta zer egin duzu?

Astelehen goizean joan nintzen lehenengoz, langileen aurrean nire burua aurkeztera eta elkar ezagutzeko lehen pausoa ematera, udaletxea ezagutzeaz batera.

Udaletxean jardun osoz lan egiteko asmoa duzu?

Hilabetea bukatu arte erdizka ibiliko naiz, baina gero eszedentzia eskatu eta buru belarri udaletxean jardungo dut. Aretxabaletaren tamainako herri batek dedikazio osoa eskatzen du eta hurbiltasuna adierazteko alkateak bertan egon behar du.

Inbestidura ekitaldian elkarlanerako gogoa adierazi zenuten bai EAJk, bai EH Bilduk. Hori kontu zehatzetan gauzatuko da?

Hala espero dugu, aurreko agintaldia liskartsua izan da, baina oraingo honetan jende berria gaude, Mikel [Uribetxebarria] da errepikatzen duen bakarra, eta nik alderdien siglen gainetik pertsonetan sinesten dut. Beraz jende berria izanik ez dauka zertan egoerak errepikatu behar. Xabierrek [Igartua] ere hala adierazi du, beraz, akordioetara heltzeko gai izango garela uste dut.

Hilabete duzue gobernua osatzeko; beste alderdiekin egon zarete?

Gure asmoa da San Pedro egunean osoko bilkura egin eta gobernua osatzea. Gobernu Batzorde anitza nahiko genuke, baina oraindik elkarrizketetan gabiltza, ezin dizut gehiago aurreratu.

Gobernuan bakarrik egotea erabakiz gero, proiektu zehatzetarako akordioak egingo dituzue?

Elkarlanean garatzen baditugu proiektuak adostasunak lortzea ez litzateke zaila izan behar.
Batzordeburuak zeintzuk izango diren zehaztuta duzue? Kultura zinegotzia, Hirigintzakoa, Ogasunekoa…
Aldaketaren bat izan daiteke oraindik, baina nahiko definituta dauzkagu; hirigintza eta ogasuna adibidez, nire ardurapean geratuko dira. Baina ekainaren 29an lotuko ditugu.

Gai pare batek zeresan handia eman dute joan den agintaldian; atez atekoa da bat.

Gure programan kontsulta egiteko konpromisoa azaldu dugu eta lehenbailehen martxan jarri nahi dugu galdeketa prozesua. Gure apustua bosgarren edukiontziaren aldekoa da. Eta berehala martxan jarriko gara; gardentasun osoz, kostu eta emaitza datuak aurkeztuko ditugu, herritarrek aukeratzerako garaian zalantzarik izan ez dezaten.

Bigarren kontua, kiroldegia da. Zein asmo duzue bertarako?

Galerak murrizteko asmoz iaz kiroldegiko eskaintza jaitsi zen eta gaur egun egoera bera daukagu. Gure helburua da ahalik eta eskaintza handiena kostu efizienteenarekin ematea, nor izan kiroldegiko buru edo gestio eredua bigarren tokian daude.

Lau urterako plangintza barruan zeintzuk izango dira asmorik garrantzitsuenak?

Enplegu plan bat garatzea, ezinbestekoa da guretzat. Eta hiri antolakuntza plana martxan jartzea, honek etorkizunean nahi dugun Aretxabaleta diseinatzeaz gain herritarron parte hartzea lantzeko ere aukera bikaina eskaintzen du.

Lehentasuna zeri emango diozue?

Lehentasuna baino urgentziagatik, zabor kudeaketari, ea behingoz gatazka besterik sortu ez duen arazo hau gainditzea lortzen dugun.

Gobernatzeko beste eredu bat iragarri duzue. Zertan igarriko da hori?

"Lehenbailehen jarri gura dugu abian hondakinen galdeketa"Aretxabaletar guztiontzat gobernatuko dugula. Erabakiak hartzerako orduan planteamendu gardenak egingo ditugu eta gainontzekoen iritzia kontuan izango dugu arlo guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak