Ez da ohikoa udaletxetik kanpo egin behar izatea inbestidura ekitaldia baina halaxe izango da aurten. "Zinegotzi kargua hartuko duen kide bat gurpildun aulkian dabil eta udaletxean igogailurik ez dago osoko bilkuren aretora igo ahal izateko", argitu du Xabier Mendizabalek, Udal idazkariak. Ekitaldi irekia da eta herritarrek hara joan beharko dute kargu hartzeak bertatik bertara jarraitzeko.
Zerrendaburu bozkatuena
Ekitaldi motza izango delakoan dago Mendizabal. Alkatea izendatzeko bozketa egingo dute udalbatza osatuko duten hamahiru kideek, eta gehiengo absolutua lortzen duena izendatuko dute: "Hori ez badu lortzen zerrendaburu bozkatuena izendatuko da alkate".
Hala, eta ezustekorik ezean, EAJko Unai Elkoro izango da eta harekin batera osatuko dute udalbatza honakoek: EAJkoak: Nerea, Etxabe, Aitor Gabilondo, Mikel Uribetxebarria, Pili Leanizbarrutia eta Joxe Migel Uribarren; EH Bildukoak: Xabier Igartua, Jon Albizu, Oihane Etxebarria, Irati Pagoaga eta Hector Prieto; Irabazikoa: Luis Mariano Gomez; eta PSE-EEkoa: Miren Lorea Lana.