Mitarte kalean zen hitzordua eta adin guztietako herritarrak elkartu dira bertan. Gertatutako zapiak zabaldu eta kalejira koloretsua egin dute, Herriko Plazarainoko joan-etorrian. Mitarte kalean elkartu dira berriz eta olatu erraldoia egin dute. Aretxabaletako Gure Esku Dago lantaldeak asteak daramatza ekitaldia prestatzen eta pozik azaldu dira herritarrengandik jasotako erantzunarekin. "Jendea gogotsu ikusi dugu zapiak prestatzen eta oso politak ikusi ditugu", esan dute antolatzaileek.
Joste ekitaldia
Ondotik etorri da Joste ekitaldia. Zapi guztiak elkartu eta Gu Haziak Gara elkarteko kideen laguntzarekin oihal guztiak josteari ekin diote. Ekitaldian kamisetak ere saldu dituzte, baita ere ekainaren 21ean Donostiako Anoetan egingo den ekitaldirako sarrerak ere. Antolatzaileek gogorarazi dute sarrerak zenbakituak direla eta taldean joan gura izanez gero kopuru zehatza hartu behar dela. Prezioak dira: 0 eta 2 urte artekoak, debalde; 3 eta 14 urte artekoek, bost euro; eta gainerakoek, 10 euro.