UDAk ezinbestean irabazi beharko du Gasteizen

Mireia Bikuña 2015ko eka. 5a, 09:10

Getxoren kontra bana berdindu ostean, irabazteko premia dauka UDAk aste bukaeran. Igoera faseko bigarren eta azken lehia jokatuko du Gasteizen Elgorriagaren kontra (17:00), eta Hirugarren Mailan jokatu ahal izateko aukera bizirik mantentzeko irabazi egin behar du Gorka Valleren taldeak. Irabazi, eta ostean zain egon.

"Etxeko-lanak egiten baditugu, Getxok irabazi egin beharko du azken partidua gasteiztarren kontra", esan du aretxabaletarren entrenatzaileak. 

Puntu berdinketa badago, aldeko eta kontrako golak hartuko dituzte aintzat, eta berdinketak segitzen badu, elkarren kontra jokatutako partidu bukaeran jaurtitako penaltiak: aretxabaletarrek 4-3 irabazi zuten penaltietan, Ibarran. 

Jokalariak "gogotsu"

Baina orain arte aipatutako kontu horiek guztiek ez dute zentzurik izango Elgorriaga menderatzen ez badute. "Badakigu zaila izango dela. Elgorriaga bigarren lekuan sailkatu da ligan eta talde indartsua da. Gainera, euren zelaian jokatzen dugu", dio entrenatzaileak.

Haritz Igartua izan ezik, gainerako jokalariak gertu ditu Gorka Vallek domekarako. "Jokalariak gogotsu daude. Getxoren kontrako lehia oso parekatua eta lehiatua izan zen. Akaso ez genuen joko onik erakutsi, baina badakigu zer egin behar dugun Gasteizen irabazteko", diote.

Partiduaren garrantziaz jabetuta, zaleen laguntza ez zaie faltako. Autobusetan joateko deialdia egin dute asteon, eta animoak izango dituzte harmailetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak