Kultura lau hormen artetik ateratzea da horren asmoa, eta era berean herria girotzea. "Iazkoak eman zuenarekin oso pozik gaude eta errepikatzea erabaki dugu", argitu du Kultura zinegotzi Zigor Quintanillak.
Datorren astean dira lehen ekitaldiak; eguaztenean, ekainak 3, Lagunekin baratzean txotxongilo emanaldia izango dute neska-mutikoek Bihar taldearen eskutik Gipuzkoa plazan (19:00); eta egubakoitzean, ekainak 5, Leizarra musika eskolako bandak joko du Arlutzeko kantxan, (19:00). Ekainaren 10ean Rakoto Trio taldeak eskainiko du kontzertua Mitarte plazan, (19:00), eta egubakoitzean hilaren 12an, Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunak etorriko dira Herriko Plazara (18:00). Ekainaren 17an berriro txotxongilo emanaldia egongo da Santa Kurtz plazan oraingoan (18:00), Kixka taldearen Txerriketan berriketan; 19an, musika eskolakoen konbo emanaldia Gurea taberna ostean (19:00), eta uztailaren 3an The Pinball's blues party taldearen kontzertua Iralabarri plazan (19:00).