Aretxabaletak Getxo hartuko du domekan, 'play-off' faseko lehenengo partiduan

Xabier Urtzelai 2015ko mai. 27a, 11:45

Aretxabaletako jokalariak, ligan, gol bat ospatzen.

Aretxabaletak hirugarren mailara igotzeko play-off fasea hasiko du domekan, Bizkaiko ligan bigarren sailkatu den Getxoren kontra (16:30, Ibarran). Aste barruan izandako batzarrek garbi erakutsi dute Bizkaiko taldeak ez daudela gertu 21 taldez osatutako liga batean jokatzeko, edo beste modu batean esanda, ez daudela gertu talde gipuzkoar baten igoera zuzena onartzeko. Horrenbestez, UDAk igoera faseaz "gozatzeko" erabakia hartu du. 

Aretxabaletak, Getxok eta Elgorriagak jokatuko dute hirugarren mailara igotzeko play-off-a. Eta lehenengo norgehiagoka, teorian, faseko indartsuenen artekoa izango da: Aretxabaleta eta Getxo. Hala, Gorka Valleren mutilek Bizkaiko taldea izango dute domekan aurrean: "Berez, Bizkaiko multzoa Gipuzkoakoa baino indartsuagoa izaten da, baina dakigunagatik Aretxabaleta eta Getxo parean dauden bi talde gara. Eurek guk baino jokalari gutxiago erabili dituzte denboraldian zehar, 13 inguru, eta gure entrenatzaileak 20 jokalariren artean banatu ditu minutuak", adierazi du UDAko presidente Adrian Merinok. "Baina gauza bat da aurreikuspenek zer dioten, eta beste bat da berdegunean zer gertatzen den. Dakigun gauza bakarra da domekan Aretxabaletak zale askoren babesa izango duela harmailetan". Bizkaia aldetik ere zale asko erakarriko ditu Getxok, berez da-eta jarraitzaile asko dituen kluba.

Getxoren kontrako partiduaren ostean, ekainaren 7an, UDAkoak Gasteizera (Betoño) joango dira Elgorriagaren kontra jokatzera: "Partidu horretarako autobusa jarriko dugu", eta azken norgehiagokan, ekainaren 14an, bizkaitarrak eta arabarrak izango dira zein baino zein gehiago. Play-off-a irabazteak, baina, ez du hirugarren mailarako txartela ziurtatzen, horretarako goiko kategorian hutsune bat egon behar delako: "Hainbat karanbola eman behar dira, nahiz eta fasea irabazi, gora igo ahal izateko. Horrenbestez, faseaz gozatzera mugatuko gara, eta gero gerokoak". 

Bizkaitarrek, ezetz

Atzo, martitzena, Bizkaiko federazioak eta Bizkaiko taldeek ezezko borobila eman zuten, ez zuten Gipuzkoako federazioak egindako proposamena onartu. Hain zuzen, Gipuzkoako presidente Juan Luis Larrearen proposamena zen, Ondarroako Aurrera –hiugarren mailara igo den taldea– Bizkaiko federaziora pasako denez, Gipuzkoako ligan bigarren geratu den ordezkaria ere zuzen igotzea, play-off-a jokatu barik. Aretxabaleta zen egoera horretan zegoen taldea, baina bizkaitarrek ez dute halakorik onartu: "Larreak batzarrean emandako azalpenak arrazoizkoak izan ziren, eta egoki egin zuen berba, baina bizkaitarrek lehenagotik hartua zuten erabakia", azaldu dio GOIENAri UDAko presidente Adrian Merinok. "Guk ezer gutxi geneukan esateko, gura barik saltsaren erdian egon gara, baina gure asmoa hasieratik playoff-az gozatzea izan da. Noski, hirugarren mailara zuzen igotzeko aukera izanez gero, heldu egingo genioke aukera horri, baina ez gaude mailaz igotzeko itsututa, beste lehentasun batzuk ditugu. Igo ala ez, denboraldi ederra izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak