Umeen lasterketekin hasiko dute goiza, 10:00etan, eta ondoren, 11:00etan, helduen txanda izango da. Urkulu urtegiari buelta emango diote horiek eta gero sariak banatuko dituzte.
Dantza saioak arratsaldean
Animaliekin jolastu ahal izango dute neska-mutikoek, urtero legez, 13:00etan. Orduantxe hasiko dira paella egiten lehiaketan izena emandakoak –interesatuek Arkupen eman behar dute izena eta bost euro ordaindu–. Eta bien bitartean Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuko dituzte zelai bazterrak. Sagardo kupela ere egongo da.
Bazkaria norberak eroango du eta 14:30 inguruan aulkiak eta mahaiak banatuko dituzte antolatzaileek. Paella lehiaketako irabazleei ere orduantxe banatuko dizkiete sariak: lehenengoari, 100 euro; bigarrenari, 70 euro; eta hirugarrenari, 50 euro.
Arratsaldeko kontuak euskal disko festarekin hasiko dituzte 16:00ak inguruan. Eta 18:00etan, musika eskolako neska-mutikoen dantza erakustaldia izango da. Disko jartzaileak lanean jarraituko du gero jaia bukatu arte.