10:30ean, Basabeazpi ikastolako leihotik Zeledonen jaitsiera eduki zuten, eta geldera bat bota zien han bildutakoei: "Zenbat ikastola daude Euskal Herrian?" Haur hezkuntzakoak ibilaldi batera joan ziren erantzun bila, eta bidean Donostiako piratak, Bizkaiko harri zulatzaileak, Ziripot... topatu zituzten. Eta lehen hezkuntzakoek herri kirolak eginez lortu zituzten erantzunak.
12:00etan, Zeledonen eta ikastolako erraldoien konpartsaren eta trikitilarien laguntzaz, kalejiran herriko plazaraino joan ziren, eta bertan erraldoiek dantza egin zuten. Gero, jolasetan jasotako erantzunekin mosaiko bat osatu zuten.
Bazkaldu Durana kalean egin zuten: babarrunak eta saiheskia. Bazkalostean, batxilergoko ikasleekin haurrentzako tailerrak egin zituzten: aurpegi margoketa, eskulanak, txapak...
Eta eguna bukatzen joateko, Oioneko San Bizente ikastolako haur eta irakasleen ipuin emanaldi ederra izan zuten Basabeazpin. Oioneko ikastolan lanean ibilitako Mikel Fernandez de Arroiabe aretxabaletarrari omenalditxoa ere egin zioten.
Eguna bukatzeko, Almen eta Basabeazpi ikastolakoek, Oioneko ikastolakoekin batera, Argitxoren agurra egin zuten.