Dentsitate handiko polietilenozko hogei loreontzi jarri dituzte, hiru tamainatakoak: zazpi, 1.000 milimetroko diametrodunak; sei, 1.200 milimetrokoak; eta zazpi, 1.400 milimetrokoak. "Birziklatutako materialarekin egindakoak dira eta birziklagarriak. Erresistentzia handikoak gainera, bai aldaketa termikoei, bai kimikoei, baita marruskadura eta kolpeei ere. Oso samur garbitzen dira eta mantentze lan gutxi behar dute", jakinarazi du alkateak. Sondikako Gitma enpresan egin dituzte: "Kalitatea lehenetsi dugu, eta ez dugu horren parekorik ikusi. Bertakoa da gainera, Euskal Herrikoa, familiako enpresa txiki bat da".
Zuahitz eta zuhaixka koloretsuak
Zuhaitzak, zuhaixkak eta landareak, ostera, Astigarragako Ganboa Lan enpresak jarri ditu. Beste batzuen artean daude: errododendro zuriak, jasmin zuriak, arrosak eta denboraldiari dagozkionak. "Eskarmentu handiko enpresa txikia da. Kalea bera aztertu dute eta gero proposatu zein landare diren egokiak", dio Bolinagak, eta gaineratu du: "Koloretsuak dira zuhaitzak eta urtaroaren arabera aldatu egingo zaie kolore hori. Hala, kaleari bizitasuna eman gura izan diogu, errepide beltzarekin kontrastea eginda".
Berritze lanak borobiltzeko bi jarleku jarri dituzte komun publikoen aurrealdean. "Eguzkiaren ibilbidea kontuan hartuta kokatu ditugu", dio. Egurrezkoak dira, bizkarraldearekin eta Elgoibarko Arrizabal Elkarteak egindakoak.
Lan horren guztiaren kostua izan da 26.595 eurokoa.