"Hirugarren adinekoei bultzada bat ematea da asmoa, prebentzioa eta dituzten gaitasunak lantzea horiekin, nor bere burua zaintzen ikasi, eta era berean, motibazioa eta ilusioa suspertu", jakinarazi du Mirari Aiastuik, Udaleko gizarte langileak. Horretarako ikastaroak egingo dituzte adituek gidatuta, Donostiako Lahar elkarteko adituek hain zuzen. Interesa dutenek aurrez eman behar dute izena Gizarte Zerbitzuetara jota.
Ariketak eta jolasak
Martitzen eta eguenetan elkartuko dira adineko horiek Arkupen, 10:00etatik 12:00etara bitartean. "Lagunartean eta modu atseginean aisialdirako gune bat eskaini gura diegu", dio Aiastuik.
Bi orduko tarte horretan honakoak egingo dituzte: oroimena suspertzeko ariketak; eguneko prentsa irakurri eta albisteak komentatu; jolasak eta aisialdiko jarduerak; eta gorputzaren eta emozioen zaintzarako ekintzak, beste batzuen artean eskulanak eta erlaxazio ariketak. "Elkartuko direnen gustuei eta gaitasunei egokitutako ekintzak izango dira", azaldu du gizarte laguntzaileak, eta bakarka egingo dituzte batzuk eta taldean beste batzuk.