Maila handiko txapelketa espero dute. Punta-puntako eskalatzaileak elkartuko dira: Irati Anda, Gorka Karapeto, Ander eta Markel Mendieta, Mikel Linazisoro eta Muriel Ruiz, besteak beste. "Andak, Linazisorok eta Ruizek Espainiako Kopa irabazi berri dute euren mailetan. Horrek erakusten du maila handiko eskalatzaileak direla. Guztira, 100 bat parte-hartzaile espero ditugu", dio Mulasek. Lau mailatan banatuko dituzte, adinaren arabera: 16, 18 eta 20 urtez azpikoak eta seniorrak.
Txapelketak bi fase izango ditu: goizean, 11:00etatik 13:30era, kanporaketak jokatuko dituzte; eta arratsaldean finalak: 17:00etan gazte mailakoak eta 18:00etan seniorrak. Azken hori ikuskizun bilakatu guran, modu berezian egingo dute. "Seina gizonezko eta emakumezko sailkatuko dira final handirako. Eta bikoteka irtengo dira euren lana egitera: mutil bat eta neska bat aldika. Norberak foku bat izango du eskalatzen duten bidea ikusgarriagoa egite aldera", azpimarratu dute antolatzaileek.
Lau bloke finalean
Sailkatze probak bezala, finalak ere adinaren arabera jokatuko dituzte. Baina eskalatzaile guztiek lau bloke igo beharko dituzte. Helburua goraino heltzea izango da. Bestela, ahalik eta goren heltzea. "Blokeek zailtasun maila eta ibilbide ezberdina izango dute. Eskalatzailea ibilbidearen zein punturaino heltzen den baloratu beharko dute epaileek. Puntuak horren arabera banatuko dituzte", esan du Mulasek.
Sailkapenaren aurrealdean ibiliko diren izenez gain, Debagoieneko ordezkarien presentzia nabarmendu dute antolatzaile taldekoek. "Debagoienako eskalada eskolako hamabost bat parte-hartzaile egongo dira euren maila erakusten. Oso polita izango da bilakaera ikustea".