Nazio kultural euskaldunaren aurrerabideaz delako blokean, hainbat saio egon dira, eta zapatukoa da azkena. Aditu-tituluaren koordinatzaile Julen Arexolaleibaren gidaritzarekin, hiru gonbidatuek hainbat bizipen eta iritzi plazaratu dituzte.
Euskal nazio eta estatu-nazioaren gainean hitz egiteko, Sarrionandiaren aipu bat bota du Arexolaleibak, nazioa nazio-estatua baino lehenago datorrela esanez; horren gaineko iritziak eman dituzte hizlariok. Horrekin lotuta, alderdi abertzaleen artean adostasun handiagoa balego "zer gertatuko" litzatekeen planteatu die Arexolaleibak, eta Ibarretxek esan du "naturaltasunez" ikusi behar dela "Bildu, EAJ eta sozialisten" arteko adostasunak, baina "arazoa konfiantza falta" dela eta "hori berreskuratu" behar dela. Zubizarretak, aldiz, esan du Euskal Herrian ez dagoela adostasunik, "normaltasunez" bizi diren herrialdeekin konparatuta, "nazioa osatzen duten" gauzen inguruan.