Txakurren jabeekin bigarren bilera egingo du Udalak astelehenean

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 17a, 08:00

Herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza egokia lortzea du helburu Udaleko Ingurumen sailak eta bigarren bilera egingo du txakurren jabeekin astelehenean, hilak 20, 18:30ean, Arkupen. Txakurren heziketaren eta horiek egindako gorotzen gainean jardungo dute lehenengo, eta gero, Udal ordezkariek aurkeztuko dituzte txakurrak aske ibiltzeko bi gune.

Martxoan egin zuen lehen bilera herriko txakurren jabeekin. Orduan gogorarazi zien Lore Martinez Axpe zinegotziak abian dagoen ordenantza eta txakurren kakekin dagoen arazoa. Jabeek, ostera, animaliak aske ibiltzeko guneak eskatu zizkien. Gai horiei guztiei berriro heltzekotan geratu ziren orduan eta bigarren batzarra astelehenean izango da.

Txakurrak zelan hezi

Txakurren heziketa izango da hurrengo bileran landuko duten gaietako bat. Eta horren gainean jarduteko Orekan elkarteko txakur hezitzaileak izango dira bertan.

Bestetik, txakurren kaken gainean jardungo dute. Animaliak eta hiria: beraien beharrak gure ardura hitzaldia eskainiko du Bubasti elkarteko Josune Gomez Lagok. "Animalien kaken kontua osasunaren ikuspegitik landuko dugu: gorotzak, parasitoak, errespetua…", jakinarazi du Martinez Axpek. Hain zuzen gorotzendako zaborrontzi berriak jarri dituzte azken hilabetean; hamabost dira, laranja kolorekoak.

Eta bukatzeko txakurrak lotu barik ibiltzeko guneak izango dituzte berbetagai. Udal ordezkariek horretara bideratutako bi gune aurkeztuko dizkiete jabeei.

Errolda eguneratu

Udalak herriko txakurren errolda eguneratu gura du, gainera. "Erregistroa gaurkotu eta eguneratuta izan gurako genuke. Horretarako albaitariari adieraztea eskatuko dugu, baita udaletxean alta eta baja ematea ere", dio Martinez Axpek. Egun 500 txakur inguru bizi direla Aretxabaletan uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak