Emakume musikarien nondik norakoak argazkitan jasota apirilean, Arkupen

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 27a, 13:00
Emarock.

Apirileko gida ere gertatu du Kultura Sailak eta hurrengo erakusketa izango da Emarock: iragana, oraina eta geroa. Apirilaren 25ean Emarock eguna egingo da Aretxabaletan –egun guztiko jaialdia, beste batzuen artean kontzertuak, tailerrak eta herri bazkaria daude– eta horren harira dator erakusketa. Euskal Herriko hainbat emakume musikariren argazkiak jaso dituzte, zuzeneko kontzertuetan guztiak, eta hori osatu dute diskoen portadekin, egunkaritako artikuluekin eta emakumeek osatutako taldeen zerrendarekin.

Martxoaren 31 arte, baina, Koldo Carrilloren argazkiak daude ikusgai Arkupe kultura etxean. Baso bizia, bizi basoa izeneko bilduman basoan ateratako argazki dotoreak jaso ditu argazkilari arrasatearrak eta aretxabaletarrei eskaini gura izan dizkie oraingoan.

Beltzean mintzo dokumentala Sarasuarekin

Apirilaren 15ean, eguaztena, ostera, Beltzean mintzo ikus-entzunezkoa eskainiko dute Arkupen, 19:00etan, Loramendik antolatuta. Ameriketako jatorrizko hizkuntzen hausnarketaren gaineko dokumentala da, eta ostean solasaldia izango da Jon Sarasuarekin.

Bestalde, apirilaren 19an, domeka, 17:00etan, New Orleansko Cyrano antzezlana eskainiko du Vaiven Producciones taldeak. Edmond Rostand poeta frantsesak idatzitako Cyrano de Bergerac drama heroikoaren bertsio librea da eta Kepa Errasti aretxabaletarrak hartuko du Cyrano pertsonaiaren papera.
Zirko tailerrarekin jarraituko dute gaztetxoek eta apirilaren 18an izango da hurrengo saioa, 11:00etan, Arkupen.

Huhezinema apiril bukaeran

Hilabetetea bukatzeko, apirilaren 28an, 29an eta 30ean, Huhezinema  VIII. euskal film laburren jaialdia egingo dute. Zinema ziztadak leloarekin antolatu dute aurtengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak