Basotxo erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzorde berritua hasi da lanean

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 27a, 09:00

Basotxoko zuzendaritza batzordeko kideak eta orain kargua hartu dutenak elkarrekin.

Basotxo erretiratuen elkarteak urteko batzarra egin zuen orain dela hamar bat egun eta dagoeneko hasi da lanean zuzendaritza batzorde berritua. Astean egin dute lehen batzarra kide guztiek elkarrekin, eta kargua utzi dutenek –Jose Manuel Garcia eta Jose Ramon Quintanilla– elkartearen nondik norakoen berri eman diete kide berriei –Floren Elortondo, Glori Elortza, Txaro Villar eta Iñigo Olabe–.

Zuzendaritzako kideek batzar orokorrean jakinarazi zieten bazkideei zein asmo dituzten 2015erako eta uztaila bitarteko egitaraua dagoeneko zehaztu dute. Bidaiak oso gustuko dituzte erretiratu aretxabaletarrek eta hainbat iragarri dituzte: apirilaren 6tik 12ra Portugalera joango dira (autobusa beteta dago) eta ekainaren 28tik uztailaren 5era, Budapest eta Pragara. Egun bateko irteera ere egingo dute apirilaren 28an, Nafarroa aldera hain zuzen. Argibide gehiago gura dutenek edo izena eman Basotxoko bulegotik pasa daitezela astelehenetik egubakoitzera bitartean, 11:00etatik 12:00etara.

Hitzaldiak ere izango dira Basotxon. Apirilaren 24an, esaterako, gero eta gehiago entzuten den gizarte gai baten gainean jardungo dute: etxegabetzeak. Eta maiatzean osasunarekin zerikusia duten bi kontu landuko dituzte: hilaren 4an, Medikazioa eta automedikazioa; eta hilaren 20an, Istripuen prebentzioa adineko pertsonentzat. Guzti horien gainean jarduteko adituak izango dituzte lagun Basotxoko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak