Txakurren jabeekin bildu dira Udaleko Ingurumen Sailekoak

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 26a, 17:54

Lore Martinez Axpe zinegotzia txakurren jabeekin.

Udaleko Ingurumen saileko kideak Aretxabaletako txakurren jabeekin elkartu dira herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza egokia lortzeko asmoarekin. 50 bat jabe elkartu ziren joan den astean eta Lore Martinez Axpe Ingurumen zinegotzia pozik azaldu da erakutsitako interesagatik.

Elkarbizitza hori sustatzeko hiru puntu indartuko dituzte: abian dagoen ordenantza gogorarazi; txakurren errolda eguneratu; eta txakurren kaken arazoaren berri eman. "Txakurra zurea da eta kalea guztiona. Gurasoek umearen pixoihala zakarrontzira bota behar duten moduan, txakur-jabeek ere berdin egin behar dute txakurraren kakekin", dio. Txakurren kakendako dauden zakarrontzien kokapenaren berri eman zieten jabeei bileran; hamabost bat daude laranja kolorekoak: "Eta jabeen proposamenak jasoko ditugu gehiago non behar diren jakiteko", argitu du zinegotziak.

500 txakur inguru

Txakurren errolda ez dagoenez eguneratuta ez dago jakiterik zenbat txakur dauden Aretxabaletan, baina 500 inguru izan daitezkeela uste dute Udal ordezkariek.

Ordenantzaren eta legearen arabera txakurrok lotuta ibili behar dute kalean. Horregatik animaliak aske ibiltzeko lekuak eskatu zizkieten jabeek Ingurumen sailekoei. "Zenbait proposamen jaso genituen eta aztertu egingo ditugu. Aste Santu ostean berriro bilduko gara txakur-jabeekin horren gainean berba egiteko", jakinarazi du Martinez Axpek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak