Euskarazko zortzi film labur emango dituzte gaur Arkupen

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 24a, 11:25

Laburbira iritsiko da gaur, martitzena, Aretxabaletara Loramendiren eskutik eta Korrika Kulturalaren barruan eta euskarazko zortzi film labur emango dituzte Arkupen, 19:00etan. Ondoren solasaldia egingo dute Aitor Arregi zuzendari oñatiarrarekin.

Zortzi lanek osotu dute aurtengo Laburbira emanaldia, euskarazko ikus­-entzunezko sorkuntzaren erakusgarri, tartean Debagoieneko hiru egilerenak: Kepa Errastiren Aitona Mantagorria, Asier Altunaren Zela Trovke eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen. Ordu eta laurden iraungo du emanaldiak, eta Debagoieneko zuzendariekin batera, esperientziadunek, hasiberriek eta bidea urratzen dabiltzan beste bost zuzendariren lanek dute lekua 2015eko edizio honetan.

Euskarazko lanak

Euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultura eskaintza aberasteko helburua du Laburbiraren zirkuituak. Martxoaren 4an hasi zen eta 28ra bitartean, Euskal Herriko 29 herrietara helduko da, Debagoienera Korrika kulturalaren barruan, gainera. Saio bakoitzean zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dituzte, 2013an eta 2014an sortutakoak. Ordu eta laurden inguruko emanaldietan, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izango dira. Lan gehienak Durangoko azokako Irudienea gunean izan ziren pasa den abenduan eta eskainiko diren filmeen artean Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako K-movie bideo lehiaketako irabazlea dago: Zaunk!

Dagoeneko hamabigarren edizioa du Laburbirak. Urte hauetan ehunka emanaldi izan dira Euskal Herriko hainbat txokoetan eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Sortzaileen eta ikusleen arteko iritzi trukea oso aberasgarria izan dela ere erakutsi du Laburbirak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak