Lehenengoz antolatu duzue lehiaketa, zein helbururekin?
Kirola egiteari uzten diote askok nerabezaroan, eta pentsatu dugu kirola eskaintzea aisialdiari begira, ondo pasatzea izanda helburua.
Eta zelakoak izango dira probak?
Bi egun izango dira, eguraldiaren arabera antolatzekoak. Batean, herrian bertan egingo dituzte kirol proba motzak: punteria proba; hiruko saskibaloia; eskalatu; igerian; errugbian… Beti jolas giroan. Eta arratsaldean egingo dute korrikan taldeka eta herri kirolak. Hurrengo egunean izango da mendi buelta; ETBko Conquis saioan egiten dituzten antzeko probak egingo ditugu orduan. Eta azken egunean daude zunba eta ezusteko bat.
Guztiak dira puntuagarriak?
Bai, hiru irizpide erabiliko ditugu horretarako: probak ondo egitea; talde mistoa izatea; eta proba guztietan parte hartzea. Bi onenek jasoko dituzte sariak, baita talde eredugarriak ere. Hori baloratuko dugu kontuan hartuta honakoak: euskararen erabilera; joko garbia; errespetua gainerako kideekiko eta naturarekiko…
Zelan antolatuko zarete?
Taldea bost lagunek osatuko dute eta erabat autonomoa izango da herriko probetan, inork ez die esango zer egin eta noiz. Batzuk igerilekuan dauden bitartean besteek rokodromora joan beharko dute, eta beste batzuek futbol zelaira, adibidez.
Eta sariak gazteendako aproposak.
Bai, Laboral Kutxa taldearen partidu bat ikusteko sarrerak eta afaria (herriko taberna batean) lehenengoarendako; izotz pistara joateko sarrerak eta afaria bigarrenarendako; eta afaria, talde eredugarriarendako.
Gazteak hasi dira animatzen?
Bai, ideia polita iruditu zaie. Izena emateko epea martxoaren 23an bukatuko da eta Internet bidez (telefonoz sartuta ere bai) egin daiteke bi webgunetan sartuta: arizmendi.eus eta aretxabaleta.eus. Oporretan egongo dira eta plan bikaina da egun horietarako; ondo pasatuko dute, seguru!