Beste urtebetez jarraituko du Jose Ignacio Isasmendik presidente lanetan Basotxon

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 11a, 19:46

Jose Ignacio Isasmendi presidentea azalpenak ematen bazkideei.

Basotxo erretiratuen elkarteko bazkideek joan den urteko kontuak itxi eta 2015eko diru kontuak eta egitaraua onartu dituzte; atzo, martitzena egin zuten batzar orokorra. Zuzendaritza batzordea ere berritu dute. Jose Ignacio Isasmendi presidenteak beste urtebetez jarraituko du lanean.

Isasmendi presidenteak alboan izango ditu orain arte legez, Nieves Arana (presidenteordea), Asun Isasmendi (idazkaria), Kontxi Romano (bidaien arduraduna) eta Fortunato Lopez. Taldea osatzeko beste lau kide hautatu dituzte: Iñigo Olabe (diruzaina), Floren Elortondo (kultura arduraduna), Txaro Villar eta Glori Elortza.

Kuotaren igoera 10 eurotara

Basotxok 973 bazkide ditu. Iaz, 32 baja izan zituzten eta 44 izen-emate. "Aurten dagoeneko sei bazkide berri dauzkagu, hortaz, laster 1.000ra iritsiko garela uste dugu", jakinarazi zuten zuzendaritza batzordekoek. Diru kontuei dagokienez 1.000 euro inguruko galerarekin bukatu zuten 2014a. "Aurreikusita ez genituen hainbat inbertsio egin behar izan dugu, megafonia sistema jarri eta ordenagailuak egokitu, esaterako", jakinarazi zuen Isasmendi presidenteak. 2015erako 77.000 euroren bueltan dagoen aurrekontua onartu zuten, eta 1.300 bat euroko defizita izango dela jakinarazi: "Hainbat lantxo egin ditugu egoitzan bertan, eta hortik dator galera hori".

Bestetik azken bost urteotan, zortzi euroko kuota ordaindu dute bazkideek, baina aurten, hamar eurora igotzea proposatu zuen zuzendaritza batzordeak; baita onartu ere.

Egubakoitzean, hitzaldia

Urterako egitaraua ere aurkeztu zuten: Portugalera eta Hungariara bidaiak; egun-pasak, adibidez Iparraldera, eta mendi irteerak; karta-joko txapelketak; eta kultura ekitaldiak, abestaldearen saioak, esaterako. Hitzaldiei dagokienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren gainekoa azalpenak emango ditu gaur, 17:30ean, Adolfo Alustizak, Lanbideko zuzendari nagusiak. Bestalde, hauteskundeetan izango diren alderdi politikoekin elkartzeko asmoa ere badute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak