Antolatzaileak ere gustura ziren emaitzarekin: "Maila oso oneko dantzariak izan ditugu eta giroa ere sekulakoa izan da parte hartzaileen artean eta baita ikusleen artean ere. Jaialdiaren izaera finkatzea lortu dugula esango nuke" kontatu zuen Ander Garaizabal antolatzaile taldeko kideak jaialdiaren amaieran.
Lau kategoriatan banatuta
Erritmo biziko bi ordutako emanaldia izan zen: gazteen erakustaldiaren hasi, bikotekako lehiak hartu zuen lekukoa, eta Urban Dance eta Break Dance kategorien norgehiagokarekin borobildu zuten ikuskizuna. Siniestro itxura zuten Bilboko taldeak eskuratu zuen Apirilaren 25ean Bilbon egingo duten BreakOnStage lehiaketarako txartela; horiek izan ziren epai-mahaikoen iritziz, Urban Dance kategoriako onenak. Europako onenekin lehiatzeko aukeraz gainera, 300 euroko saria ere jaso zuten. Iruñeako Urban Dolls izeneko neska taldearentzako izan zen, kategoria horretako bigarren saria. Team Rockers taldea izan zen, berriz, Break dance kategoriako onena.
Lana izan zuten epai-mahaikoek bikoterik onena zein zen erabakitzeko orduan. Eztabaida luzearen ostean, Iruñeako Double X Ladies bikoteari eman zioten 300 eurotako lehenengo saria, eta Bilboko ED Steps mutilendako berriz, 150 eurotako, bigarrena.
Gazteen kategoriako sariak, Iruñeako Bum Clap Kids eta Donostiako Pausokiss taldeentzako izan ziren.
Harmailak lepo beteta
Donostiakoak, Iruñeakoak, Burlatakoak.... herri askotatik etorritako zaleek adi jarraitu zituzten taularen gaineko dantzarien lehia. Asko lehiakideen familiakoak ziren. Txaloekin, txistuekin eta oihuekin sekulako giroa sortu zuten; nabaria zen ikusle askok faboritoak zituztela.