Gasteiz eta Aretxabaleta lehiatuko dira II. frontenis txapelketaren finalean

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 5a, 12:10
Nagore Martin eta Laura Saez gasteiztarrak eta Oihana Mata eta Leire Valle aretxabaletarrak.

Finalera iritsi da emakumeen bigarren frontenis txapelketa. Partidu dotoreak kantxan, giro bikaina harmailetan eta emakumeak protagonista izan dira aurten ere. Baina oraindik domekakoa geratzen da. Lehenengo, 11:30ean, hirugarren eta laugarren postuak izango dira jokoan: Rosa Ojuel - Lore Martinez Axpe/ Maite Fraile - Maite Otxoa; eta 12:00etan, finala: Nagore Martin - Laura Saez / Oihana Mata - Leire Valle.

Behin partiduak bukatuta sariak banatuko dituzte eta gero, mokadutxoa eskainiko diete elkartutako guztiei. "Festa eguna izateaz gain, aldarrikatzeko eguna ere bada, eta anima daitezela herritarrak bertaratzera", adierazi dute antolatzaileek, UDAko kideek.

Gasteiztik jokatzera

"Giro polita izan dugu eta jokalariak gogotsu ibili dira", jakinarazi dute UDAkoek, eta gaineratu: "Partidu batzuk lehia handikoak izan dira eta beste batzuk ez hainbeste, baina helburua emakumeek parte hartzea zen eta hori behintzat beteta!". Finalera iritsi den bikoteetako bat, Nagore Martin eta Laura Saez, Gasteiztik etorri da. Beste maila batean daudela erakutsi dute, baina pozik hartu dituzte gainerakoek: "Polita izan da maila horretako jendea gurera etortzea, besterik ez bada erreferentzia moduan!", jakinarazi dute. Hala, Oihana Mata eta Leire Valle aretxabaletarrek ez dute samur izango finalean.

UDAko kideek uste dute indarra hartu duela txapelketak; izan ere, hainbat jokalarik lehenengoz hartu dute parte eta gustura jardun dute: "Pentsa, bukatzeko penatan daude". Eta ikusle egon diren batzuk jokatzeko gogoz geratu dira. Hala, bada, datorren urtekoan pentsatzen hasita daude dagoeneko hainbat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak