Araskik nahikoa ondo eutsi zion Gipuzkoa EHUri hirugarren laurdenera arte. Hor apurtu zen partidua. Atsedenaldiaren aurretik, arabarrek askotan asmatu zuten hiruko marratik, %71ko portzentajearekin, eta horrek eragin zuen gipuzkoarrek gehiegi ez alde egitea markagailuan.
Denbora pasa ahala, ordea, kategoria desberdinetan diharduten bi taldeen arteko aldea agerikoago egin zen, erritmoari eta alde fisikoari dagokionez, batez ere. Horrez gain, uztaipean ere Gipuzkoa EHU-k nagusitasuna erakutsi zuen, bere hiru jokalari garaiekin, horietako bi amerikarrak.
Atsedenaldiko emaitza 41 eta 30 izan zen gipuzkoarren alde, amaierakoa, berriz, 80 eta 54. Bi taldeetako entrenatzaileek askotariko probak egiteko aprobetxatu zuten partidua. Probak proba, ikuskizun polita eskaini zieten Aretxabaletako Ibarra kiroldegian batutako zaleei.