Emakumeen Nazioarteko Egunak indar handia hartu du Aretxabaletan azken urteotan, eta aurten sekula baino handiagoa. "Lanketa batzuk egin ditugu bai Udal barruan, bai herritarrei begira eta uste dut poliki-poliki joan garela helburuak betetzen. Azken hilabeteotan, baina, lehertu egin zelanbait esateko eta orain bai, orain esan genezake hasi dugula amestutako ibilbide hori", jakinarazi du Maider Aizkorbek, Berdintasun zinegotziak.
Leherketa horren arrazoietako bat da Berdintasun Saila sortu izana. Orain dela lau hilabete inguru hasi zen lanean teknikaria, Amets Beltran de Gebara arrasatearra, eta horrek indartu egin du berdintasunerako ibilbidea. Ibilbide horretan Udaleko sail ezberdinek parte hartu dute, baina orain, herritar taldetxo bat ere hasita dago lanean: "Udaletxeko batzordeak beti egon dira inplikatuta berdintasunarekin, eta gure helburuetako bat zen herritarrengana iristea. Izan ere, uste dugu herritarrak izan behar direla protagonista. Hala bada, hasi gara taldetxo batekin lanean eta bi bilera egin ditugu dagoeneko; aurpegi berriak ere agertu dira, hortaz, horren aldeko apustua egin behar dugu", jakinarazi du Aizkorbek.
Egitaraua
Udaleko sail ezberdinen eta herritarren elkarlanaren emaitza izan da aurtengo martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitaraua. Zapatua, martxoak 7, izango da egun nagusia eta ekitaldirik garrantzitsuenetakoa Santa Kurtz kalean dagoen plazatxoaren inauguratze ekitaldia. Lau bankuko plaza, emakumeen baza izena izango du horrek. Berdintasunaren aldeko lelo lehiaketa ere deitu zuen Udalak plaza horren harira, eta ekitaldian emango dute irabazleen berri. Margotu ere egingo dituzte lelo horiekin. "Ukitu berezia eman gura diogu plaza horri", jakinarazi du Beltran de Gebarak eta gaineratu: "Ezustekoak ere izango dira eta oso ekitaldi polita izango da".
Hona ekitaldiak:
Martxoaren 2tik 7ra (11:00-13:00 eta 18:00-20:00)
- Argazki erakusketa Arkupen: Emakumeak Hushe haranean, Pakistanen.
Martxoak 3, 19:15
- Emakumezkoen goi mailako saskibaloi partidua, Ibarra kiroldegian: UPV-Araski.
Martxoak 4, 19:00
- Baltiar arima dokumentalaren proiekzioa eta ondoren solasaldia; kideak: Inazio Arregi eta Txaro Otxandorena.
Martxoak 6, 19:00
- Arrakala dokumentalaren proiekzioa, eta ondoren solasaldia; kideak: Jone Arrazola eta Larraitz Arando. Eta gero mokadutxoa.
Martxoak 7
- 10:00, Mural margotzea Ernai gazte antolakundearen eskutik. Leloa: Erratza eman ziguten, eta guk, hegan egiteko erabili genuen! Gora borroka feminista!
- 9:30-19:30, Ixadebalde azoka, Mitarte kalean.
- 12:00, Lau bankuko plazaren inaugurazio ekitaldia eta bankuak margotzea.
- 19:30, Fun Dantz! ikuskizuna Ibarra kiroldegian.
Martxoak 8
- 12:00, Emakumeen II. frontenis txapelketako finala, Iturrigorri pilotalekuan.
- 13:00, Agerraldia Herriko Plazan: Feminismoarekin denok aurrera goaz!
- 13:30, Zebrabideak margotzea.
Martxoak 10, 19:00
- Antzezlana, Arkupen: Prest gaude! Lakrikun antzerki taldearekin (sarrera, 4 euro).
Martxoak 13, 19:00
- Martxoa dantza ikuskizuna Jaiki elkartearekin, Arkupen.