Haurrek eta gaztetxoek jolaserako aukera izango dute Herriko Plazan, 17:30etik aurrera, ludotekaren eskutik. Leku berean hasiko da kantu-bertso-poteo herrikoia (19:30), kanturako gogoz diren herrikide guztiekin eta Lekaixoka bertso-eskolako kideekin. Bi ekintza horiez gainera, 17:30etik aurrera Korrikalagun egiteko eta Korrikako arropak saltzeko mahaia izango da plazan.
Urtarrilean hasi ziren elkartzen herriko hainbat eragile Korrika girotzekoak eta herrian Korrikari dagozkionak antolatzeko. Gaurkoa otsailean egingo duten ekintza nagusia izango da, baina martxoan, Aretxabaletatik Korrika pasatu arte, izango dira beste hainbat ekintza esanguratsu. Datozen egunotan aurkeztuko ditu martxorako asmoak Korrika batzordeak. Horiek antolatzen bat egiteko edota beste ekintza batzuk proposatu eta aurrera eramateko, batzordea erabat irekia da herriko eragile zein herrikideentzat.
Bertso afaria Mantxi eta Fredi Paya lagun
Bertso afaria antolatu du martxoaren 13rako, egubakoitza. Uratz Alde elkartean egingo dute (21:00) eta Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Fredi Paya bertsolari ezagunak gonbidatu dituzte bertara. Txartelak dagoeneko salgai dauzkate Gurea tabernan eta Loramendi elkartean; eta prezioa da 18 euro Loramendiko bazkideendako eta 20 euro gainerakoendako.