Ibilgailu asko pasatzen da egunero-egunero Otalora kaletik eta gurpilen presioaren ondorioz galtzada-harrien azpian dagoen morteroa desegin egiten da. Horrek sortu ditu salto txikiak, putzuak, hondoratzeak eta beste hainbat traba kalean. Eta egoera eskasean utzi du galtzada-harria dagoen kale tartea. Hala, Udalak erabaki du galtzada-harri itxuradun inprimatutako asfaltoa jartzea.
Kalea itxita
Lanok egiteko itxi egingo dute kale tarte hori, eta ibilgailuek, autobusak tartean, Txarapea ibilbidetik egingo dituzte joan-etorriak. Ondorioz, Errekabarren kaleko geltokia ezingo da erabili, eta kuartel parean eta Loramendi kalean bakarrik geratuko dira Arrasatetik datozen autobusak.
Ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko Basabe bidea eta Durana kalea zabalik egongo dira 24 orduz. Otalorako hamaikagarren atarteko garajeetara sartzeko, ostera, behin-behineko pasabidea egokituko dute.