Sasoi betean joan zen Espainiako txapelketara eta hasietatik erakutsi zuen. Korrikako lehen sektoreko (17 kilometro) lehen itzulian aurreko taldean sartu zen Arnaiz. Bigarrenean indarrak gorde gura izan zituen. "Bizikletaren sektorera indartsu heldu gura nuen. Atzerapen apur batekin egin nuen aldaketa, baina atzetik aurrera eginez, lehen lekuan jarri nintzen 20. kilometrorako", dio. 30 bat kilometro egin zituen lider: erritmoa markatuz eta atzekoekiko –tartean iazko irabazle eta hautagai nagusi Raul Amatriain– distantzia mantenduz.
Errubera haizea galtzen
50. kilometroan aurreko erruberak haizea galtzen zuela nabaritzen hasi zen Arnaiz eta bide bazterrean geratu zen konpontzeko asmoz. "Duatloietan errubera norberak aldatu behar du. Inolako laguntza barik. Segituan konturatu nintzen balbula apurtuta zegoela. Une hartan bukatu zen lasterketa", esan du.
Zain geratu zen antolatzaileen auto batek irteera puntura eraman zuen arte. Minutu luzeak eta sentsazio asko. "Batez ere inpotentzia. Kirolagatik ez dut sekula negarrik egin, baina domekan ezin izan nien malkoei eutsi. Neguan gogor entrenatu ostean, di-da batean pikutara joan zen guztia", kontatu du.
Sasoi puntua aprobetxatuz
Espainiakoari buelta gehiagirik eman barik, aurrera begira ipini da Beñat Arnaiz. Entrenatzailearekin adostuta, beste hainbat duatloi egingo ditu triatloi denboraldia hasi aurretik. "Espainiakoaren ostean atseden hartzea zen asmoa, baina, oraingo sasoi puntua aprobetxatuz, hainbat duatloi egingo ditut. Ostean, triatloiekin hasiko naiz", azpimarratu du aretxabaletarrak.