'Fun Dantz!' jaialdiak kale dantzetan jarduten duten 175 dantzari ekarriko ditu Aretxabaletara

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 18a, 15:00

Kale dantzen erakustokia den Fun Dantz! jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute martxoaren 7an, Ibarra kiroldegian, 19:30ean hasita. Lau kategoriatan banatuta 34 taldek jardungo du norgehiagokan, Euskal Herriko herri askotatik –Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Irun, Basauri, Eibar…– etorritako 175 dantzarik. Sarrerak Arkupen dituzte salgai 2 euroren truke, eta egunean bertan 3 eurotan salduko dituzte kiroldegiko leihatilan.

Break On Stage taldeak eta Aretxabaletako Udalak elkarlanean Fun Dantz! jaialdia antolatu dute bigarrenez. Iaz izandako arrakasta dela eta, 600 ikusletik gora, aurten errepikatzea erabaki dute.

Fun Dantz! jaialdiak baliabide teknikoak eta marko eszenikoa eskaintzen dietela kale dantzetan jarduten duten taldeei ikuskizunak era dotorean eskaintzeko adierazi du Ander Garaizabalek, Break On Stage jaialdiaren antoltzaileetako batek. Hala, aurten 34 taldek jardungo dute norgehiagokan lau kategoriatan banatuta, eta gehienez ere hiru minutuko koreografiak eskainiko dituzte guztiek.

Lau kategoria

Gazteen atalean jardungo dute 15 urtetik beherakoek eta zortzi taldek eman dute izena. Erakustaldia egingo dute horiek, ez lehiaketa.

Bikoteka parte hartzeko bederatzik eman dute izena eta hainbat dantza estilotan jardungo dute: hip-hop, garaikidea, urban dance, esperimentala... Bikote irabazleak 150 euro jasoko ditu eta bigarrenak, 75 euro.

Break dance kategoriari dagokionez hiruk jardungo dute. Txapeldunak 300 euro jasoko ditu eta bigarrenak 150 euro. Sari nagusia, gainera, izango da Break On Stage jaialdian parte hartzeko txartela.

Eta urban dance kategorian 14 taldek parte hartuko dute. Txapeldunak jasoko ditu 300 euro eta bigarrenak 150 euro. Eta bi talde Break On Stage jaialdirako sailkatuko dira.

Aurten, gainera, publikoaren saria ere izango da; ikusleek, telefono mugikorraren bitartez talde gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute.

Jaialdia 19:30ean hasiko da eta bi atal izango ditu. Lehenengoan jardungo dute gazteek eta bikoteek, eta bigarrenean, break dance eta urban dance estiloetan jarduten dutenek. Bi orduko ekitaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak