Ilundu bezain pronto Aretxabaletako plaza txapelez bete da. Handiak, txikiak, koloretsuak, etxean egindakoak, erositakoak... gehienak gazteen buruetan zeuden arren, guraso ugarik ere bat egin dute Aratusteak iragartzeko festarekin.
Txapel Txin iristen zen bitartean, Mikel Alberdi eta Ibai Zangitu ari dira DJ lanetan, eta umeek gogotik egin dute dantza. 19:30etan iritsi da Txapel Txin plazara goitzain arropa jantzita. Ohiko pregoia eman beharrean, beste gauza batzuen artean, herriko Aratusteak bedeinkatu ditu.
Sari banaketa
Festaz gain, sari banaketa ere egon da. Torrada lehiaketaren irabazlea Basabe taberna izan da. Bigarren eta hirugarren sailkatuak aldiz, Nerea Egurza eta Jon Arana izan dira. Festa lehertu ondoren, herritarrek egindako torrada eta txistorra doan banatu dute.
Susana de Concepcionek txapel originalaren saria jaso aurretik, June Elkorok bigarren saria eskuratu du.
Gaurko festaren ostean, aretxabaletarrek gogor ekin beharko diote karrozak bukatzeko lanari, Aratusteak ate joka baititugu.