Egun guztian ibiliko da Txapel Txin jai giroan: "Aurtengo mozorroak Pello Zabalarekin zerikusi handia duela bakarrik esango dizuet", aurreratu du. Goiz partean txikiteoa izango da musikak lagun eginda, eta arratsaldean, 18:30ean, kalejira La troupe de la rue taldearekin. Torradak egindakoek orduantxe aurkeztu beharko dituzte lehiaketara; Herriko Plazan jasoko dituzte. Aratusteen ongi-etorri pregoia 19:30ean egingo du Txapel Txinek, eta ondoren, lehiaketako sariak banatuko ditu: lehenengoari, 100 euro eta Torratxin txapela; bigarrenari, 50 euro; eta hirugarrenari, 30 euro. Txapel dotoreena duenari, ostera, 50 euro emango dizkiote.
Ondoren, txistorra mokadutxoa eta torradak izango dituzte herritarrek, baita gura beste sagardo ere. Eta AviTxin disko jartzailearekin dantzan egiteko aukera izango da.
Hori guztia Aratuste-domeka girotzeko izango da, Txapel Txinek neska-mutikoei astean aurreratu dien legez: "Egin itzazue karrozak, izugarrizko karrozak, eta zuen gurasoak karrozak badira… horiek ere egin ditzatela karrozak! Mozorrotu eta ondo-ondo pasatu, disfrutatu horretarako eguna da-eta". Aholkuokin hurrengo urteetako harrobia zaintzen ahalegindu da mozorroen festa beste ezer baino gustukoago duen pertsonaia.