Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Aretxabaletako EAJk Unai Elkoro alkategaia aurkeztu du

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 4a, 14:49

Aretxabaletako EAJk alkategaia aurkeztu du gaur, batzokian: Unai Elkoro Oianguren. Aretxabaletarra da eta Oñatin egiten du lan Ulman, hain zuzen. Orain arte ez da politikan jardun baina herriaren kudeaketan parte hartzeko “gogotsu” datorrela jakinarazi du.

Gaur goizean aurkeztu du Aretxabaletako EAJk datozen Udal hauteskundeetarako zerrendaburua. Uri Buru Batzarreko ordezkari Esteban Herrastik aurkeztu du eta esan EAJren batzarrak aho batez hautatu duela pertsona "ezin egokiagoa" delako: "Hasieratik erakutsi digu lanerako gogoa eta bere herriarekiko konpromisoa eta hau benetan eskertzekoa da".

Orain arte ez du politikagintzan jardun baina kudeaketarako aproposa dela uste dute: "Bere ibilbide profesionala politikatik at garatu du; herrigintzan parte hartzeko helburu soilarekin, gardentasuna, zintzotasuna eta herritarren partaidetza zutabetzat izanik, herri garapena du helburutzat", dio Herrastik.

"Hurbiltasuna eta gardentasuna"

Aretxabaletarra da eta gaztea, eta 10 urteko alaba baten aita. Industria ingeniaritza ikasketak egin zituen eta Ulman egiten du lan 1999az geroztik.

Unai Elkorok eskerrak eman dizkio EAJko Uri Buru Batzarrari partidukoa izan barik, independente gisa aurkezteko aukera eman diolako. Era berean, jakinarazi du herriaren kudeaketan parte hartzeko "gogotsu" datorrela: "Politikan berria naizen arren, herriaren kudeaketan parte hartzeko gogotsu nator eta aretxabaletar guztientzat lan egitea da nire asmoa, hurbiltasunez eta gardentasunez".

Alkategaiak onartu du Aretxabaletako Udalak duela inguruko udalen artean zorrik handiena eta ekonomikoki ez dagoela "egoerarik onenean". Gastua "kontrolatu" ezean inbertsiotarako ez dela dirurik izango gaineratu du: "Gastu arrunta kontrolatzen ez badugu ez da dirurik geratuko, ez inbertsio berriak egiteko, ez eta dauzkagun mantenu betebeharrak bermatzeko ere".

Programa lantzen

Programa lantzen hasita daudela adierazi du Elkorok, eta ekonomia izango dela ardatza aurreratu: "Aretxabaletako ekonomian lehen mailako pisua izan du industriak eta azken urteotan gainbehera nabarmena jasaten ari da; horregatik, beste sektoreak ahaztu gabe, bultzada eman nahi diegu, enpresa handiei zein txikiei".

Eta herriaren kudeaketa "herritarrentzat" egiteko ezinbestekoa dela horien partaidetza adierazi du. Horregatik programako ildo nagusiak lantzeko taldeak jarriko dituzte martxan aste pare bat barru.

Eta batzokiko ateak zabalik dituztela herritarrendako jakinarazi du edozein ideia, iradokizun edo proposamen egin ditzaten horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak