Astelehenean hasita eska daitezke txartelak Arkupen, Kultura sailekoen bulegoan, 9:00etatik 15:00etara bitartean, eta orain arte legez kuadrillaka jaso behar dira. Horretarako kuadrillako kide guztien izen-abizenak eman behar dira eta bertan ordaindu. Hona menuak: helduena (16 euro): babarrunak, txerri-masailak saltsan, eta tarta izozkiarekin edo goxua; eta umeena (12 euro): makarroiak, hanburgesak saltsan patatekin, eta izozkia. Bazkaria kiroldegian izango da, azken urteotan legez, eta 600 lagunendako dago lekua.
Lokaletako giltzak Arkupen
Mozorroak gertatzeko lokalak, ostera, joan den astetik dituzte gertu herritarrek. Iaz legez, kontu txikietarako dago Mitarte plazakoa, eta muntaia handietarako Eskoriatzako Torrebaso pasealekuan dagoen G pabilioikoa. Hiru kuadrillek dagoeneko hartu dituzte giltzak, eta gainerakoek Arkupeko harreran eska dezakete. Giltza jasotzeko arduradun bat izendatu behar du kuadrillak eta horrek nortasun agiria eraman beharko du eta araudiaren berri duen dokumentua sinatu. 20 euroko fidantza ere ordaindu behar da. Adin txikikoen kasuan guraso bat izango da arduraduna.
Dantzaren pausoak
Bestalde, Aratuste-martitzenera begira asmatutako kantua laster zabalduko dute ikastetxeetan. Arizmendi ikastolako 16 urteko gazteek asmatu dute hori, Ez da egun txarra izango!, eta astean egin dituzte lehen dantza entseguak. Bideoan jaso dituzte dantzaren pausoak eta gero ikastetxeetara eramango dute bideoa ikasleek ikas dezaten.
500 bat ume elkartzen dira Aratuste-martitzen goizean Herriko Plazan, 2 eta 12 urte arteko herriko neska-mutiko guztiak, eta txaranga izan ohi dute lagun kalejiran. Aurten, lehenengoz, guztiek batera abestuko dute eta dantzan egin.
Txapel Txin | Aratusteen iragarlea
"Odolean daramagu eta harrobia ziurtatuta dago"
Aratusteak iragarriko dituen Txapel Txin ere hasita dago mozorroen festa gertatzen.
Hasi zara Aratusteak gertatzen?
Bai, bai, ia prest daukat guztia. Eguraldiak laguntzea gurako nuke egunean bertan, hori da nire kezka, baina Pello Zabalari gutuna idatzi diot eguraldi ona eskatzen.
Mozorroaren berri ematerik baduzu?
Hori beti da sorpresa! Baina lasai, laster bideotxo bat egingo dut, pista txikiren bat eman eta girotzen hasteko.
Otsailaren 7an zeure eguna da; egitaraua aurrera dezakezu?
Goizean, betiko legez, trikitilariekin txikiteoa egongo da eta gero torrada lehiaketa. Ia Atxurdin-i konpetentzia egingo dion inor aurkezten den… La Troupe de la Rue taldeak girotuko ditu kaleak eta sari banaketa eta pregoia egongo dira gero. Horren ostean, dantzan jarriko gaitu DJ AbiTxinek.
Aratusteei ongietorria egiteko iaz herriko ikastetxeetatik pasatu zinen; aurten ere egingo duzu halakorik?
Bai, bai, oso ondo hartu ninduten-eta umeek. Otsaileko lehen astean izango da; hortaz, umeak, adi egon!
Helduen kuadrillek mozorro dotoreak gertatzen dituzte, baina atzetik badatoz gaztetxoak ere, ezta?
Bai, oso garrantzitsua da hori, jarraipena izateko harrobia ondo zaindu behar da-eta. Odolean daramagu, eta UDAko harrobia bakarrik ez, Aratusteetakoa ere ziurtatuta dago.
Aratuste-martitzenerako abestia asmatu dute aurten. Zeuk ere ikasiko duzu dantza?
Ikasteko asmoa badut, bai, baina dantzan ez naiz oso abila…
Mezurik aretxabaletarrendako?
Munduko Aratuste onenak dira, eta animatu eta gozatu guztiok!