'Ez da egun txarra izango!' kantuak girotuko du Aratuste-martitzena Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 16a, 13:00

Hilabete eskas geratzen da Aratusteetarako eta Kultura batzordea hasita dago lanak aurreratzen. Azaroan deitu zuen Aratuste-martitzenerako abestia hautatzeko lehiaketa, eta dagoeneko aukeratu dute irabazlea. Ez da egun txarra izango! kantua da eta Arizmendi ikastolako 16 urteko zortzi gaztek egin dute.

Hemen kantua

Aratuste-martitzeneko ekitaldiak hankamotz zeudela konturatu ziren iaz Kultura batzordeko kideak eta ikastetxeetako ordezkariak, eta martitzen goiza girotze aldera flashmob edo dantza bat asmatzea bururatu zitzaien. Horretarako, baina, abesti bat behar eta lehiaketa bidez aukeratzea abesti hori erabaki zuten. "Flashmoba egiteko zergatik ez sortu Aretxabaletako kantu bat?", jakinarazi du Zigor Quintanillak, Kultura zinegotziak.

Lehiaketara inor aurkeztuko ez ote zen beldur izan ziren. Eta a ze ezustekoa hartu zuten sei abesti jasotzerakoan. Seiak Aretxabaletako musikariek egin dituzte; abesti dotoreak, gainera. Epaimahaiko kideek –kultura batzordekoak eta ikastetxeetako ordezkariak– onartu dute lan zaila izan dutela: "Abesti benetan politak eta ezberdinak jaso ditugu, eta eskerrak eman gura dizkiegu guztiei. Seiek merezi izan dute saria baina batek irabazi behar", gaineratu du Quintanillak. Puntuak banatzerakoan kontuan hartu dituzte musika batetik eta letra bestetik. Eta baloratu dute koreografia edo dantzarako pausuak aurkeztu izana. "Baliteke musikari dagokionez irabazlea baino hobeak izatea aurkeztutakoen artean, baina abestiaren helburua da umeek dantzan egitea eta horretarako aproposena iruditu zaigu", argitu du zinegotziak. Hala, puntu gehien lortu dituena izan da Aripro taldeak aurkeztutako Ez da egun txarra izango!.

Abesti alaia eta jai girokoa

Arizmendi ikastolako 16 urteko zortzi neska-mutikok asmatu dute. Hona musikariak: Ainhoa Sanchez, Eider Luengo, Irati Gaztelu, Irati Gutierrez, Beñat Abasolo, Josu Irure, Iñaki Arana eta Jon Egidazu. Eta erabili dituzten instrumentuak izan dira: biolina, trikitia, gitarra elektrikoa, baxua, eta bateria. "Abesti alaia eta dantzarako aproposa asmatu dugu jakinik umeendako izan behar zuela eta jai girokoa", esan du Ainhoa Sanchezek. 600 euro jaso dituzte saritzat eta ikasbidaiarako poltsan gordeko dute.

Lehiaketara aurkeztutako talde guztiek egin dutela lan handia ikusirik eta abesti benetan politak direla jakinik, horiek zelan jaso eta zelan erabili Aratusteetan zehazteko asmoa du Kultura batzordeak.

Lokalak gertu erabiltzeko

Herriko kuadrillak, ostera, dagoeneko hasi dira Aratuste-domekarako gertatze lanetan. Mozorroak gertatzeko lokalak utzi izan ditu Udalak, eta aurten ere gertu daude iaz erabilitako biak. Kontu txikietarako dago Mitarte plazakoa, eta muntaia handietarako Eskoriatzako Torrebaso pasealekuan dagoena (Almen azpian), G pabilioian. Bi horietarako giltzak dagoeneko eska daitezke Arkupeko harreran.

Udalak gogorarazi du lokalak erabili ahal izateko zehaztutako araudia bete behar dela, aurreko urteetan legez. Hala, fidantza jarriko da izena ematerakoan, 20 euro. Kuadrilla bakoitzak arduradun bat izango du, eta harena izango da taldekideen erantzukizuna. Arduradun horri emango diote giltza, eta ezingo da kopiarik egin. Arduradunak bere datuen berri emango du Arkupeko harreran giltza jasotzerakoan –ENA eta telefonoa– eta dokumentua sinatu. Adin txikikoen ardura nagusi batek izango du, hortaz, lokala erabiltzen hasi aurretik datuak eta telefonoa eman beharko ditu. Gainera, gurasoak jakinaren gainean egongo dira. Eta adin txikikook umeak badira, arduradunak, lokalean bertan egon beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak