Estatu espainolak bere "izaera ez demokratikoa" erakutsi duela diote Bilduk, Aralarrek eta EAJk

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 15a, 16:16

Aretxabaletako Udalean ordezkaritza duten Bildu, Aralar eta EAJ alderdiek adierazpen instituzionala onartu dute astean izandako atxiloketak direla-eta. Hala jakinarazi gura izan diete herritarrei: "Guardia Zibilak hamasei euskal herritar atxilotu ditu. Atxilotu gehienak abokatuak dira, euskal presoen abokatuak, hain zuzen ere. Oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso oso larria izan da eta adierazpena onartu dugu".

Hona adierazpena:

1.- Atxiloketa hauek Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren kontrako erasoa dira. Estatuaren itxikeriak eta bortizkeriak euskal jendartearen bake eta normalizazio politikorako borondate argia zapuztu nahi dute.

2.- Abokatuek funtzio berezia eta ezinbestekoa dute pertsonen giza eta defentsa eskubideak babesteko; are gehiago eredu demokratiko batean. Kasu honetan presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuak atxilotu ditu Guardia Zibilak. Presoei dagozkien giza eskubideen urraketen lekuko zuzenak dira eta abokatuen atxiloketa hauek defentsarako eskubidea ere urratu dute.

3.- Estatu espainolak, berriro ere, bere izaera ez demokratikoa erakutsi du. Urtarrilaren 10ean milaka euskal herritarron aldarrikapenari jaramonik ez eta oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin du.

Operazio mediatikoa

EAJko kideek gaineratu dute Espainiar gobernuaren eta bestelako botereen jarrerek ez dakarkiotela inongo onik euskal bakegintza eta normalizazio prozesuari. "Batetik, azken makro-operazioko hamasei atxilotuetatik hamahiru kalean dira jada, inputatuta bai, baina kargu eta fidantzarik gabe; operazio mediatiko ugari eta judiziala urri."

Eta bestetik diote, lehenago edo geroago Estrasburgok atzera botako duela Auzitegi Gorenak, kanpoko presioak medio, estatu desberdinetan betetako zigorrak ez konputatzeko derrigorrean hartu behar izan duen erabakia. "Tamalgarria da espainiar gobernuaren marketing operazio batengatik pertsona errugabeen, presoen eta preso izan direnen giza eskubideak beste behin ere zigorgabetasun osoz urratzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak