Barberena eta Agirre nagusi 'Ostegun Kontalariak' lehiaketan

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 8a, 16:10

Aretxabaletako Udalak antolatutako Ostegun Kontalariak lehiaketak badu irabazlea. Eneko Barberena arrasatearra eta Manex Agirre aramaioarra hautatu ditu publikoak, eta 100 euro jaso dituzte saritzat gaur, Udaleko Gazteria teknikaria den Maider Etxanizen eskuetatik. Diru hori Ziburuko Kaskarotenea ikastolarendako eman dute.

Udalak antolatu eta Arteman Komunikazioak gauzatu duen hirugarren lehiaketa izan da –aurretik izan ziren Ostegun Bidaiariak eta Ostegun Akustikoak–; eta udazken-negu parteko eguenetan, Aretxabaletako tabernetan, herritarrei zuzendutako kultura eskaintza sustatzea izan du helburu oraingoan ere. Lau emanaldi izan dira azaroa eta abendua bitartean: Aitor Agiriano eskoriatzarrarena, Belen Azkarate antzuolarrarena, Iraitz Agirre arrasatearrarena eta bikote irabazlearena.

Barberenak eta Agirrek, elkarrekin egin zuten bakarrizketa saioa Express tabernan. Lehenengoak idazleen lanbidearen eta paperaren gainean jardun zuen; eta besteak, bertsolaritza kontuen gainean. Umorea izan zen nagusi orduan eta umore hori erakutsi du Barberenak saria jasotzerakoan ere. Udal teknikaria, bere aldetik, pozik agertu da lehiaketak eman duenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak