Geltoki plazatik Santa Kurtz kalera arteko bidegorri tartea berritzeko proiektua gertu dago

Mirari Altube Arrese 2014ko abe. 16a, 14:45

Aretxabaletako bidegorriaren tarte bat, Basabeazpi ikastolatik Santa kurtz kaleko 17. zenbakiraino doan tartea, berrituko du Udalak. 460 metro ditu tarteak eta txirrindulariendako bidea zehaztuko dute, oinezkoendako espaloi zabala utzita. Proiektua eginda dauka Udalak, eta atzo iluntzean herritarrei aurkeztu zien. Orain 15 egun dituzte aretxabaletarrek proiektu horri iradokizunak aurkezteko udaletxean.

Aretxabaletako Udalak orain dela zortzi bat urte egin zuen Mugikortasun Plana eta orain herri barruko bidegorriari lehentasuna eman gura dio. Helburua da txirrindularien, oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza bermatzea segurtasuna oinarri izanda.

Geltoki plazan hasi eta Santa Kurtz kaleko 17. atarte artera bitarteko zatia berrituko dute, hau da, Arizmendi ikastolako Basabeazpitik Kurtzebarri eskola pasa artekoa. Ondo berezitutako zatiak zehaztu gura dituzte bertan.

Aglomeratu gorriarekin zehaztuko dute bizikletendako bakarrik izango den ibilbidea, bi metro eta erdi zabal izango dituena, eta gorriz margotutako espaloia izango da oinezkoendako, beste bi metro eta erdiko zabalerarekin.

460 metroko tartea

Guztira 460 metro izango dira berrituko direnak eta lanak bi zatitan banatuta egingo dituzte.

Batetik, dago Geltoki plaza. 160 metroko tartea da eta 346.300 euroko lanak izango dira.

Bigarren zatia da Santa Kurtz kalea, 300 metro hain zuzen, eta horren kostua da 648.900 eurokoa. Lau tarte berezi dituzte bertan. Lehenengo da Santa Kurtz kalearen hasieratik Iturrigorri pilotalekurainokoa. Zuhaitzak kenduko dituzte hor, bizikleten guneak eta oinezkoenak behar besteko lekua izan dezan.

Bigarren tartea da Iturrigorri pilotalekutik Kurtzebarri eskola artekoa. Gune horrek ez du aldaketa handirik jasango. Hirugarren tartea da Kurtzebarri eskola parekoa eta segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena hor. Aparkaleku guztiak kenduko dituzte eta kalea plano bakarrean jarri. Hala, mugak zehazteko loreontziak edo antzeko elementuak erabiliko dira, eta autoendako 30 kilometro orduko abiadura ezarri.

Laugarren eta azken tartea da Santa Kurtz kaleko 17. atarte artekoa. Etxeen aurrealdean lerroan dauden aparkalekuak kendu egingo dituzte bidegorria egiteko.

Berritze lan horiek guztiak egiterakoan azpiko lanak ere egingo dituzte. Saneamendu eta hornitze hodiak berrituko dituzte, baita argiteria publikoa ere.

Iradokizunak urtarrilaren 31 arte

Oraingoz, proiektua aurkeztu eta ikusgai jarri dute Arkupeko harreran. Herritarrek abenduaren 31 artean dute epea iradokizunak egiteko.

Lanon zati bat datorren urteko aurrekontuan sartuko dutela jakinarazi du Udaleko Hirigintza teknikariak, Jose Mari Segoviak: "2015eko Udal aurrekontuan sartu den obra bat da, baina izango da hainbat urtetarako obra; izan ere, lanen aurrekontu osoa da 995.000 eurokoa, borobilduta. Eta egingo den lehen tartea izango da, neure ustean, Geltoki plaza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak