Ligako lehen partidua galdu du etxean Aretxabaletak, Beti Gazteren kontra

Irati Goitia 2014ko abe. 7a, 21:01

Gartzi Gorosabel baloia kontrolatu nahian, Beti Gazteko jokalaria gainean duela.

Eten da Aretxabaletaren bolada paregabea. Orain arte Ibarra gotorleku izan da Valleren mutilendako, etxean jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituztelako; atzora arte.

Etxekoek ez zuten partidua ondo hasi. Bigarren minuturako 1 eta 0 zihoazen galtzen. Kontrarioak ateratako korner batean, baloia solte geratu zen ate aurrean, eta Beti Gazteko jokalari batek saretara bidali zuen baloia. Aretxabaleta oraindik lehian sartu gabe zegoen, oharkabean etorri zitzaien gola. Valleren mutilak ez ziren kikildu, ordea. Sasoi onean dira aretxabaletarrak eta horixe erakutsi zuten. Hala, aukera ugari izan zituzten lehen zatian, batzuk aipatzearren honakoak: Arizmendiarrietak 9. minutuan izan zuena; edo Lopezek eginiko pase bikainaren ondoren, ostera ere Arizmendiarrieta atezain aurrean bakarrik geratu zenekoa (12. minutuan), baina huts egin zuen; edo,  Igartuak eta Sanchezek kontraerasoa jo zutenekoa, 18.enean, baina Sanchezek ez zuen jokaldia ondo amaitzen jakin. Aukera ugari, baina ezin. Ezin gola egin 36.era arte. Orduan eginikoa ere ez zen markagailura igo, ordea. Izan ere, jokoz kanpokoa adierazi zuen epaileak.

Arerioak ezer gutxi egin zuen.  Eta lehen zatia, hasi bezala amaitu zen: arerioaren korner jaurtiketa batekin. Horixe izan zen Beti Gaztekoek sortutako arrisku bakarretakoa. Hala, 1-0eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, golen bila

Bigarren zatia ere ildo beretik joan zen. Zelaira irten berritan, kanpotarrak pare bat aldiz iritsi ziren aretxabaletarren area txikira, baina gainontzean Agirregabiria atezainak ez zuen lan handirik izan. Beraz, UDAk izan zuen baloiaren jabetza, eta horrela, bigarren zatian ere hainbat aukera izan zituzten etxekoek.

Golaren bila irten ziren Valleren mutilak. Bigarren minutuan, esaterako, Lopezek aukera garbia izan zuen atezainaren aurrean bakarrik gelditu zenean, baina gora bota zuen baloia. Azkenean, zazpigarren minutuan etorri zen etxekoen gola: Marrek eginiko pasea errematatu zuen Arizmendiarrietak, lehenengoan huts, baina lurretik eman zion bigarrenez, eta orduan barrura. Arerioa atzean sartu zen, berdinketa defendatzeko asmoz. Aretxabaletarrek garaipenaren gola nahi zuten, ordea, eta hainbat aukera izan zituzten. Areako marratik tiro ederra bota zuen Fernandezek, baina, atezainak geratu egin zuen etxekoaren zartakoa. Lopezek ere izan zuen aukera ona 28. minutuan, atezainaren aurrean bakarrik geratu zenean. Edo Arizmendiarrietak 34. minutuan korner bati buruz erantzutean.

35. minutuan, baina, beste ezusteko bat etorri zen: Beti Gaztekoen bigarren gola (1-2). Saralegi kontraerasoan iritsi zen Agirregabiriaren atera –irten egin zen bere atea defendatzeko– eta kanpotarrak ondo loratu zuen baloia. Aretxabaletarrei hamar minutu eta luzapena gelditzen zitzaizkien berdinketaren gola bilatzeko, eta saiatu ziren, baina ezin. Azken minutuetan dena egin gura. Luzapenean txartel gorria ikusi zuen Gorosabelek. Azkenean, 1-2koaz amaitu zen lehia.

Aretxabaletak etxean galdu duen lehen partidua izan da, baina ez zen kezkatzeko porrota izan, maila ona eman zutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak